Erlaxazioa haurtzaroan

Naroa Iraurgi 2014ko aza. 7a, 06:00

Erlaxazioa, lasaitasun edo atseden egoera bat da. Erlaxazio teknika ezberdinak erabilita, muskuluak lasaitu eta moteltzea lortzen da, tentsio fisikoa gutxituz. Organismoa eta muskuluak lasaitzeaz gain, egoera mentala ere lasaitzen du eta ondorio positiboak ditu maila fisiko, psikologiko eta emozionalean:

- Entzute kalitatea hobetzen du.
- Kontzentrazio, arreta eta oroitzapen gaitasunak hobetzen ditu.
- Gorputz eskemaren garapenean laguntzen du: gorputz eskemaren ezagutza hobea eta sakonagoa lortuz.
- Norbere buruaren ezagutza sustatzen du, konfiantza areagotuz.
- Oreka egoera eta ongizatea mantentzen laguntzen du.
- Erlaxazioa ez da helburu bat bakarrik, egoteko modu bat ere bada, ikaskuntza prozesu bat da.

Erlaxazioak haurtzaroan suertatzen diren arazo ezberdinei aurre egiten lagundu gaitzake; antsietatea sentitzean, eskolan arazoak sortzen direnean, beldurrak daudenean, arretarako zailtasunak, loezinean…
Haurrak jaioberriak edo txikiak direnean, hainbat modu erabiltzen ditugu hauek lasaitzeko: kontaktu fisikoa, besotan kulunkak, sehaska kantak, masajeak… Masajeen artean, gaur egun ezaguna egin dena, Shantala masajea deiturikoa da. Teknika hau Indiatik dator. Tradizioz, Indiako amek erabiltzen dute beren seme alaba jaioberriekin. Onura ugari ditu eta haurra lasaitzeaz gain, ama eta jaioberriaren arteko lotura afektiboa areagotzen du.

Haurrak handitzen doazen heinean, modu edo teknika ezberdinak erabili ditzakegu hauek erlaxatzeko. Hasiera batean, batez ere, erlaxazio jolasak erabili daitezke: arnasketa jolasak, ipuinak, motrizitate eta yogako ariketa ezberdinak, Jacobson erlaxazio teknika (gorputzeko atal ezberdinak tentsionatzen dira eta jarraian, tentsio hori askatzen da erlaxazioa lortu ahal izateko)…

Eta bukatzeko, irudikapen metodoa aipatu nahi dut. Haurrari, landu nahi dugun gaiaren arabera, istorio ezberdinak kontatu ahal dizkiogu,  berak istorio horiek bere buruan irudikatzen baititu. Gaur egun, teknika honen inguruan  liburu interesgarriak  aurki ditzakegu.