Urtasun Japoniara eta Zabalo Norvegiara

Guaixe 2014ko abe. 11a, 10:30

Team Ukyon ariko da Pablo Urtasun eta Sepura-Toyota BTT taldean Xabier Zabalo

Urte berria, egitasmo berriak. Pablo Urtasun urdiaindarrak eta Xabier Zabalo olaztiarrak txirrindularitza profesionalean jarraitzeko aukera izango dute, bi sakandarrek hurrengo urterako taldea aurkitu baitute.

Urtasunek Asiako egutegia izango du
Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpenarengatik eta PinoRoad talde txiletarrarekin izandako arazoengatik 2014an ezin izan du txirrindulan aritu Pablo Urtasunek, baina hala ere entrenatzen jarraitu du eta esfortzuak fruitua izan du, 2015rako egitasmo berria baitu: Team Ukyo talde kontinental profesionalean ariko da urdiaindarra. Oscar Pujol eta Salvador Guardiola izango ditu taldekide, hainbat txirrindulari japoniarrekin batera, eta proba gehienak Asian jokatuko dituzte. Europan Portugaleko Voltan eta Ordiziako Klasikoan aritu zen talde japoniarra aurten, eta ikusteko dago hurrengo denboraldian errepikatuko ote duten. Proiektu berriarekin kontentu dago Urtasun, eta esprinterrak Japonian emango du 2015eko tarte luze bat.

Zabalo Escandinaviako eta Europa eta Mundu Kopako probatan
Xabier Zabalo txirrindulari olaztiarrak duela gutxi sinatu du kontratua Norvegiako Sepura Toyota Racing with Birk BTT edo mendi txirrindularitza taldearekin. UCI kategorian lehiatuko da. Olaztiarra aurten hasi zen talde norvegiarrean, denboraldi bukaeran, baina berriki 2005erako akordioa sinatu dute. Sepura Toyota Racing with Birk taldeak Escandinaviako probatan parte hartuko du eta Europa eta Munduko Kopako hainbat probatan. Helburua BTT taldeen artean erreferente izatea eta 2015ean emaitza onak lortzea da. Horretarako Zabalok goi mailako bikerrak izango ditu taldekide.
2010etik 2012ra Orbea taldean aritu zen Xabier Zabalo, eta gero talderik gabe geratu zen. Norvegiara joan zen bizitzera orduan, eta BTTra edo mendi txirrindularitzara egin zuen salto. 2013an XXL Sport & Villmark Team BTT taldean aritu zen eta aurten Sepura taldera egin zuen salto. Trondheimen bizi da.