Hondakinen %21 gutxiago sortuta ere haien tratamenduagatik Mank-ek berdin ordainduko du

Guaixe 2014ko abe. 18a, 19:48
Partzuergoaren bilera bat.

Sakanako Mankomunitatea Tuterako El Culebrete hondakindegira 5.007,42 tona hondakin eramatetik 3.634 eramatera pasa da (%21 gutxiago). Hala ere, berdin pagatzen du, milioi erdi euro. Sortutako hondakinen arabera ordaintzea; Mank-ek Nafarroako Hondakinen Partzuergoari irizpide hori bere egitea eskatu dio.

Asteartean elkartu zen Nafarroako Hondakinen Partzuergoko zuzendaritza 2015eko aurrekontuak onartzeko. Herrialdeko hondakinen tratamenduaz arduratzen den erakundeak 7.497.049,31 euroko aurrekontua izanen du. Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak kontra bozkatu zuen: “Arrazoia? Tasa bakarra dagoela. Legegintzaldi guztia pasa dugu esaten sortzen den hondakinen arabera ordaindu beharko litzatekeela esaten. Eztabaidarako lan-taldea sortzea lortu genuen. Baina elkartu aurretik Jose Javier Esparza kontseilariak bertan behera utzi du”. Mank-eko arduradunek urarekin gertatzen den moduan, kontsumitzen denaren arabera ordaintzea nahiko lukete hondakinen kasuan ere.

Etsita hitz egin zuen Mank-eko buruak: “Nafarroan ez da birziklapena sustatzen. Sakandarrek hondakinen birziklapenean ahalegina egiten dute eta horrek saria merezi duela uste dugu: gutxiago ordaintzea. Horretarako eskatzen dugu dagoen tasa bakarra kentzea eta sortzen den hondakinen arabera ordaintzea”.

Mank-en proposamena da udalek tratatutako hondakin tonaren arabera ordaintzea, edozein dela sistema (biometazioa, konpostatzea, hondakindegia…) eta gero udalek egoki jotzen duten moduan herritarrei kobratzea. “Horrela, erakunde bakoitzak hondakinen tratamendurako egindako ahaleginaren arabera ordainduko luke”. Karasatorrek nabarmendu duenez, hondakin bilketa sistema indarrean dagoen herrietako sakandarrak Europako legedia betetzen duten lehen nafarrak direla.

Batzorderik ez
Esparzak partzuergoaren ordainketa tasa aztertzeko batzordea sortzeko une egokia ez zela adierazi zuen. Nafarroako eta Espainiako gobernuek toki erakundeen mapa aldatzeko nahia azaldu dute. Hura zehaztua egon arte eta toki erakundeek zein finantziazio-bide izanen dituzten argitu arte tasa ez aldatzea proposatu zuen Esparzak eta hala onartu zuen partzuergoak.

Mank-etik nabarmendu zen Nafarroako mankomunitateek hondakinak kudeatzeko sistema ezberdinak zituztela eta haien neurriko erantzuna behar zela, bestela mankomunitateren batek partzuergoa uztea aztertu zezakeelako. Sistemaren bidegabekeria adierazteko Etxarrin jarritako birziklapen etxolaren adibidea eman digu Karasatorrek. Etxola edo Garbigune mugikorrik ez balego haietan jasotzen diren hondakinak errefusan edo edukiontzi berdean bukatuko lukete. Hau da, Tuterako hondakindegian birziklatu gabe. “Haietan jasotzen diren hondakinak bereziak dira eta haiek birziklatzen dituzten kudeatzaileei ordaindu egin behar zaie. Zenbat eta gehiago birziklatu orduan eta gehiago ordaindu behar dugu. Horrela ez da birziklatzea sustatzen”.

 


Tarifak izoztuta
Partzuergoak orain arteko tarifak mantentzea erabaki zuen. Mank-i etxeko hondakinak jasotzeagatik ordaintzen zaion zatietako bat, 46,32 euro, partzuergoarendako da. Karasatorrek aipatu duenez, “ahalegin handia suposatzen du partzuergoak gure eskariak ez onartzeak. Gehiago birziklatu, gutxiago pagatu ideiari segituz, hobarien bidez, hondakinen tasa merkatzeko aukera izanen genukeelako. Baina ezin da”.

Bestalde, Mank-ek ur zerbitzuko tasak dauden bezala uztea erabaki du. Hala ere, ordenantzan aldaketa txiki bat egin du Olatzagutiko kasu batera egokitzeko. Eraikin batean hainbat etxebizitza daude eta ur kontagailu bakarra dute. Ur kontsumoa handia dute, jakina. Eta hori da hain zuzen Mank-ek zigortzen duena. Baina kasuaren berezitasuna ikusita, ordenantzan salbuespen hori jaso du.

 


Eskaera
Mank-ek eskaera ofiziala egin dio Nafarroako Hondakinen Partzuergoari: Arbizuko hondakindegian konpost planta bat jarri dezala.

Enplegu tailerra
Sakanako Mankomunitateak, Ekogras eta Vermicam enpresekin batera, enplegu tailerra antolatzeko eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari. Mank-ek enplegu tailerraren bitartez 16 lagun birziklatzean prestatu eta trebatu nahi ditu, gero lanpostuak sortzeko. Joan den urtean eskaera bera egin zuen eta gobernuak atzera bota zuen.

Ibilgailuak
Hondakin bilketa sistema berria indarrean denez geroztik, Mank-eko Hondakin Zerbitzuan ohartu dira kamioi txikiekin hobe moldatzen direla. Horregatik, Izarbeibarreko mankomunitateko kamioi bat eskuratu du. Aldi berean, Mendialdeko mankomunitatearekin beste ibilgailu bat trukatu du. Bestalde, gasolio hornikuntza merkatzeko kontratu berria egin du.