Zergatik psikologoarengana?

Gizarte Zerbitzuak 2014ko abe. 24a, 08:00

Psikologia: psikea, arima edo norbanakoaren jarduera mentala aztertzen duen zientzia da.  Kontuan izaten ditu, besteak beste, pertzepzioa, arreta, motibazioa, emozioak, adimena, pentsamendua, nortasuna, pertsonen arteko harremanak, arlo kontzientea nahiz inkontzientea.

Zer dela eta hainbeste gaitzespen edo beldur pentsatzeari? Geure burua ezagutzeari beldur diogu? Harrigarria dirudi baina askotan horrela gertatzen da. Norberak itzaletan dituen mamutxoak, ezjakintasunak eta kontraesanak askatzeak beldur ikaragarria eragiten du, munstroak esnatzen baitira. Baina zer gertatzen da beste alde batera begiratzen badugu? Desagertzen al dira? Zoritxarrez edo zorionez, ez; hor diraute. Eta gero eta garrasi gehiago egiten dute entzun diezaiegun, zerbaiten seinale dira eta.

Arazo, gatazka edo krisialdi baten aurrean prozesu terapeutiko batean murgiltzeak abantailak dakartza. Bertan, esan ezin direnak esango dira, baita entzun ezin direnak ere. Norbanakoak bere buruari galdetuko dizkio ordura arte galdetu ez dizkionak eta modu horretan lortuko du orain arte lortu ez dituen erantzunak. Beste aldean, historia horren aurrean neutraltasunez eta inolako epaiketarik egin gabe entzungo dionak, norbanakoaren berezko desira topatzen eta aztertzen lagunduko dio.

Sufrimendu psikikoa, ondoeza edo ezinegona, pertsona bakoitzean modu desberdinetan azal daiteke. Esate baterako, batzuek loarekin arazoak izan ditzakete, beste batzuek goibeltasun edo ilunaldi handi bat, indargabe eta triste sentituz; beste batzuetan antsietate handi bat ager daiteke, besteekiko arazoak eragin ditzakeena, errepikapen inkontzienteak, mendekotasunak, elikadura arazoak, ikasketa arazoak, arreta arazoak, somatizazioak eta abar. Beraz, osasuneko beste alorretan bezala, psikologian ere sintomak badira eta horiek ulertzeko eta aztertzeko espezialistarengana joatea oso onuragarria izango da. Ekin eta eman pausoa!