Sakanan barna, Deikaztelu eta Itsaso artean egin nahi den argindar linearen kontrako plataformako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak estreinakoz atzo elkartu ziren. Plataformako ordezkarien artean Lurrako buruarekin, Oltzako Zendeako eta Deikazteluko alkateekin batera Garazi Urrestarazu Altsasuko alkatea zegoen. Harrera Lourdes Goikoetxeak kontseilariak eta gobernuko ingurumen eta industria zuzendariak egon ziren.
Plataformak jakin nahi zuen Nafarroako Gobernuak zein iritzi duen Industria Ministerioaren 2015-2020 energia plangintzari buruz. Goikoetxeak proiektuari babesa azaldu zion, baina plataformako kideek azaldu zutenez, “ez du zehaztu zergatik behar den proiektua; zehaztu gabe etorkizuneko hazkundeak eta energia ateratzeko premia aipatu ditu”.
Ministerioaren egitasmoak egun dauden bi argindar lineei potentzia handitzea aurreikusten duela aipatu zioten, “gobernuak aipatzen dituen beharrak asetzeko nahiko”. 400 kV-eko linea berriak osasunaren eta lurraldearen gaineko eragina areagotuko duela nabarmendu zuten. “Argindar linea berria ez da Nafarroaren hornidura beharrendako, baizik eta Espainia eta Frantzia arteko argindar garraioa egiteko”.
Argindar linearen kontrakoek kontseilariari Herri borondatea errespetatuko duen bide demokratiko baten aldeko manifestua eman zioten. Hartan gobernuari eskatu diote argindar linea ez dezatela planifikazio elektriko berrian sartu. Idatzia kaltetutako herrietako 247 udal ordezkarik eta gizarte taldek babesten dute. Goikoetxeari ere gogorarazi zioten argindar linea berriko proiektuak ukitutako 220 udal eta kontzeju haren kontra daudela.