2014 urteari agur KORRIKAN

Guaixe 2014ko abe. 29a, 12:17

36. San Silbestrea jokatuko da Altsasun eta 13. Lasterketa Olatzagutian

2014 urtea korrikan despedituko dute sakandar askok. Gure korrikalariendako, akaso, proba herrikoienak eta gertukoenak dira San Silbestreak. Sakanan bi ditugu. Aurten 36. edizioa beteko du Altsasuko San Silbestreak, eta Olaztiko probak, aldiz, 13. edizioa beteko du.

Altsasuko San Silbestrea, Nafarroako zaharrena
Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 36. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba Mario Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarraren omenez.

Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etan
Abenduaren 31n, asteazkenarekin, arratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m) eta kimuak (1.200 m) ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Berrikuntza moduan, haurren kategoriakoek helduenean parte hartzeko aukera izango dute, zirkuituari buelta bat eman eta kiosko aldera ateraz, euren denbora hartzeko (1,5 km) . Ondoren, helduen proba guztia osatu nahi badute, aurrera jarraitu dezakete.

Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan udaletxe aurretik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote, guztira 5 km metro osatuz. Foruen Plazan egongo da helmuga. Probako lehen hiru gizon eta emakumezkoek trofeoa jasoko dute, eta lehendabizikoek txapelak. Bestalde, aurretik izena internetez ematen dutenen artean sariak zozketatuko dira.

500eko erronka
Antolatzaileek urtea korrika egiten despeditzera animatu dute. Euren esanetan, lasterketarik herrikoiena da San Silbestrea, proba ederra. Aurreko urtean 544 korrikalari aritu ziren, kategoria txikietan 113 neska-mutiko eta helduetan 431. Sergio Garcia de Eulate eta Maite Beregaña izan ziren azkarrenak. Ea aurten ere 500 korrikalarien erronka gainditzen den.

Izena emateko: www.dantzalekusakana.com
Izena ematea dohainik da, eta web gunean izena emateko gomendioa egin du Dantzaleku Sakanak. Bestela, egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 18:30ak arte.

Paris 365 jantoki sozialarendako elikagaiak bilduko dira
Dantzaleku Sakana gaizkien pasatzen ari direnekin gogoratu da. Horrela, Gure Etxean kaxa erraldoiak jarriko dituzte, eta San Silbestrea jarraitzea datozenei eta korrikalariei elikagai iraunkorrak ekartzeko gonbitea egin die klubak. Jasotakoa Paris 365 jantoki sozialari emango zaie.

Kategoria ezberdinak Olaztin
San Silbestre lasterketaren 13. edizioa jokatuko da urteko azken egunean Olatzagutian, 18:00etan, Sutegi elkarteak antolatuta. 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km osatzeko. Proba 18:00etan hasiko da, eta frontoia izango du irteera eta helmuga. Proban izena eman nahi duenak lasterketa aurretik irteeran jarritako mahaitik pasa beharko du, 17:00etatik aurrera.
Giro polita izaten da Olaztiko proban, eta bukaeran sariak eta opariak banatuko dira Aurreko urtean 102 korrikalari lehiatu ziren, 33 proba nagusian, 9 gazteen mailan, 20 kimuetan eta 40 benjaminetan. Helduen proban Raul Audikana eta Sarai Garasa nagusitu ziren.