Zabaleta eta Ezkurdia, geroz eta liderrago

Guaixe 2015ko urt. 20a, 11:15

Retegi Bi-Cecilio 12 tantotan utzi zituzten. Oinatz eta Aretxabaleta dituzte hurrengo arerioak

Komunikabideetan behin eta berriz aipatzen da kontua: duela urte bat nork esango lieke Ezkurdiari eta Zabaletari Binakako buruan egongo zirela? Aurreko urteko txapelketan biko sakandarrak 6 jardunaldi eman zituen garaipena lortu gabe. Aldiz, aurten jokatutako bost partidetatik bostak irabazi dituzte eta sailkapenean lider dira, 5 punturekin, arerioei 2 puntu aterata. Ezkurdiak berak esaten zuen, gakoa ondokoa dela, “bikoa egiten ari direla”. Eta nola, gainera.

Retegi Bi eta Rezusta ordezkatzen zuen Cecilio Valgañan izan zituzten aurkari atzo sakandarrek Tolosako Beotibarren. Retegi Bi eta Cecilio aurreratu ziren, baina hasietarik sendo eta bikain kantxaratu ziren gureak eta berehala erantzun zieten. Atzeko koadroetan Zabaletak izugarri jo zuen, ohi duen moduan, eta Ezkurdiak ere gustura mugitu zuen pilota aurreko koadroetan. Bere erremate maltzurrak ezin erantzun ibili zen Retegi Bi. Azkenean, garaipen erosoa lortu zuten, 12-22.

Larunbatean Oinatz eta Aretxabaletaren kontra jokatuko duten partida dute buruan orain sakandarrek. Ezkurdiak adierazi zuen moduan “partidaz partida joan behar dugu, eta bikotea egiten jarraitu”. Hala bedi.