Kili-Moti eta Raul-Alvaro Nafarroako kanporaketara

Guaixe 2015ko urt. 22a, 17:19

Euskal Herriko VII. Mus Txapelketako Altsasuko eta Irañetako kanporaketak irabazi zituzten

Euskal Herriko VII. Mus Txapelketa martxan dago. Lehenik eta behin, herrietako kanporaketak jokatuko dira, otsailaren 21ean herrialdeko finalak eta azkenik, martxoaren 7an jokatuko da final handia, Lekeition.

Aurreko larunbatean Altsasuko kanporaketa eta Irañetako kanporaketa jokatu ziren. Altsasun Zubi Ondok hartu zuen kanporaketa. Kili eta Moti izan ziren Altsasuko txapeldunak eta beraiek sailkatu dira Nafarroako herrialdeko kanporaketarako, Juanjo eta Angeli finalean irabazi eta gero. Hirugarrenak Mikel eta Gorka izan ziren. Irañetan, aldiz, Raul Leza eta Alvaro Lakuntza izan ziren txapeldunak eta eurek ordezkatuko dute Irañeta Nafarroako kanporaketan. Nafarroako kanporaketa otsailaren 21ean jokatuko da, Bullizio eta Arrano elkarteetan, goizeko 9:00etatik aurrera.

Asteburuan Irurtzunen eta Arbizun
Bihar, ilbeltzaren 24an, larunbatean, Irurtzungo kanporaketa jokatuko da, 16:00etan Pikuxar euskal txokoan. Etzi, igandean, Arbizukoa jokatuko da, 16:00etan, Karrika tabernan. Bestalde, Lakuntzako kanporaketa Sorginak tabernak hartuko du, ilbeltzaren 31n, 17:00etan.

Herrietako kanporaketetan parte hartzen duten guztiek oroigarri gisa ardo botila jasoko dute opari, txapeldunek txapelak eta bigarrenak eta hirugarrenak oroigarriak. Herrialdeko kanporaketa, kasu honetan Nafarroakoa irabazten dutenak, txapelak eta garaikurrak, asteburuko egonaldiak eta bazkariak eta afariak jasoko dituzte. Azkenik, Lekeitioko final handiko txapeldunek txapela, garaikurrak, 3.000 euro eta Karibera bidaia lortuko dute.