Sakandar talde batek Nafarroako Gobernuari Sakanarekin inplika dadila eskatu dio

Guaixe 2015ko urt. 30a, 09:43

Sakanako Plan Estrategikoa eta beste onartuz ibarrak bere “etxeko lanak” egin dituela uste dute. Nafarroako Gobernuari eskatu diote “konpromisoa gauzatu eta lankidetza formula eraginkorra, hitzarmen singularra edo Sakanarako plan berezitu bat” egiteko.  

Taldekideek Nafarroako Gobernuaren babes eta inplikazio beharraz gizarteak zeresana duela uste dute eta etorkizunean sinadura bilketa bat abiatzea dute buruan.

Nafarroako Gobernuaren ordua uste dute ibarreko 25 pertsonek. Sakandarrek azken hiru urteetan sozio-ekonomi garapenaren oinarriak jartzeko “esfortzu izugarria” egin dutela nabarmendu dute 25ek. “Ez da nahikoa, ordea, urrunago iristeko, sakonkiago eragiteko eta abiadura azkartzeko baliabideak eta Nafarroako Gobernuaren inplikazioa ezinbestekoa zaizkigulako”. 2011n Larrialdi Mahaiak aipatutako lankidetza hitzarmen egonkorra edo ibarrerako plan berezitua eskatu dituzte. 

Sakanako Plan Estrategikoa garatzeko heldu den sei urteetan 20 eta 30 milioi euro arteko ekarpena egitea eskatu diote Nafarroako Gobernuari, “lan eraginkor eta arrakastatsua egiteko” (Tuterako Nekazaritza Elikagaien Hiriak 120 milioitako aurrekontua zuen, eta  Pirinioetako Garapen 2007-2010 Planak 336 milioi). Nabarmendu dutenez,  “egoera oso larria eta kronikoa dugun heinean, Nafarroako Gobernuaren babesa eta laguntza behar dugu”. Nafarroako Parlamentuak gobernuari ibarrarekiko inplikazioa eskatu ziola ere azpimarratu dute.

Gobernuaren txanda

25ek nabarmendu dute, Sakanako toki erakundeek, haienak ez diren ekonomia garapen sustapenean eskuduntzarik ez izan arren, arlo horretan ekarpena egin dutela. “165.000 euro bideratu dituzte garapen estrategiarako, eta hiruzpalau garapen dinamizatzaileen kontratazioa sostengatu dute”. Baina eskuduntzak eta baliabideak Nafarroako Gobernuak dituela azpimarratu dute.

Datuetan oinarrituta, inguruko garapen agentzien baliabide gehienak udaletxetatik beharrean autonomia edo foru mailako erakundeetatik datozela azaldu dute: Tafalla aldeko Consorcio de Desarrollo de la Zona Media delakoak 1.203.302 euroko aurrekontua du ( 11 langile eta udalen ekarpena 115.381); Urola Garaiko Garapen Agentziak 857.430 euroko aurrekontua ( 8 langile eta udalen ekarpena 208.000); Goierriko Goieki garapen agentziaren aurrekontua 1.200.000 euro (12 langile eta udalen ekarpena 400.000). 

Hogeita bostak 

Joseba Mikel Garmendia Albarracin (UPVko irakaslea, Altsasu), Mª Eugenia Ijurra Araña (kooperatibista, Etxarri-Aranatz), Juan Cruz Bengoetxea Saez de Maturana (kooperatibista, Altsasu),  Ioana Ijurko Risco (Toki administrazioko langilea, Uharte Arakil), Mikel Balda Sanjuan (Irakaslea, Irurtzun), Irene Checa Orobengoa (ekonomilaria, Altsasu),  Naiara Ijurko Risco (musikaria, Uharte Arakil), Mikeldi Diez Aldama (Abian elkarteko kidea, Altsasu), Ainhoa Gurutxarri Senar (langilea, Lizarraga), Ernesto Leiza Urrestarazu (Langilea, Bakaiku), Jesus Tobar Arratibel (langabetua, Altsasu), Josu Unamuno Asarta (enpresaria, Altsasu), Oihana Gallo San Roman (berdintasun teknikaria, Urdiain), Patxi Goikoetxea Askorbe (jubilatua, Altsasu), Jon Etxeberria Ijurra (ekintzailea, Etxarri Aranatz), Ane Miren Iruretagoiena Aldazabal (Lakuntzako eskolako publikoko zuzendaria, Lakuntza), Izaskun Bengoetxea Delgado (langabetua, Irañeta), Erkuden Flores Mazkiaran (Irakaslea, Altsasu), Alberto Anton Reparaz (soldadorea, Altsasu), Maria Luisa Mazkiaran Guridi (jubilatua, Altsasu), Ana Mercedes Mazkiaran Guridi (etxeko andrea, Altsasu), Itziar Flores Mazkiaran (irakaslea, Altsasu), Mikel Goikoetxea Zubelzu (langilea, Altsasu), Arantza Ibargoien Lizarazu (sindikalista, Lakuntza) eta Juan Flores Lakuntza (kisusgilea, Altsasu).