Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazio-Auzietarako 5. sekzioak atzera bota du Nafarroako Gobernuak aurkeztutako helegitea eta, beraz, baliogabe utzi du Nafarroako Hiri Hondakinen 2010-2020 Plan Integratua. Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntza fundazioak eraman zuten plana auzitara.
Epaileek Nafarroako Gobernuari adierazi diote planean errauskailurako kokapenak zehaztu behar zirela baita kokapen horietarako arrazoiak eman ere. Datu horiek plana onartu ondorengo dokumentu batean jasotzeak legeak halako tramitazioetarako agintzen duen herritarren parte hartzea eta bestelako bermeak ukatzen dituela dio epaiak. Nafarroako Auzitegi Gorenak dagoeneko 2013ko lastailaren 10eko epaian arrazoia emanen zien Mank-i eta fundazioari. Epai hartan gobernuak Ingurumen Eragin Adierazpenaren tramitazio epeetan legezko epeak gainditu zituela jaso zen.
Erreakzioak
Mank-eko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak esan duenez, “Nafarroako Gobernuak plana, hau da, errauskailua, mantentzeko tenkorkeria agerian utzi du”. Mank-ek sakandarren eta nafarren interesen alde lan egin duela nabarmendu du Karasatorrek. “UPNk eta PSNk errausketa tratamendu gisa baztertzea lortu dugu, gaikako bilketaren eta organikoaren alde apalki apustu egiten hasiz”. Gogora ekarri du atez ateko sistemarekin ibarreko zortzi herritan %80ko birziklatze tasa lortu dela eta halakorik ez dela lortu beste inolako sistemarekin.
Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzearen kontrako jarrera berretsi du Mank-eko buruak. “Ingurumen zuzenbideak herritarrei errauskailu baten aurrean eskaintzen dien bermerik ez du porlandegiak; baimentze prozedurak ez du hainbeste berme eskaintzen eta batean edo bestean hondakinak erretzean eskatzen diren baldintza teknikoak eta ondorengo kontrolak ez dira berdinak”. Aurreko epaia jakin zenean esandakoa berretsi du Karasatorrek: Nafarroako Gobernuak porlandegiko txosten administratiboan ez luke urrats bat bera ere eman beharko, “plana baliogabetua zegoelako”. Ezagutu berri den epaian halako azpiegituren kokapena ekimen pribatuaren esku ezin dela utzi nabarmendu du Karasatorrek eta Sustrai Erakuntzak emandako aholkularitza eskertu du.
Sustrai Erakuntzako kide Martin Zelaiak Nafarroako Gobernuari “azken urteetan, hondakinen kudeaketa guztian egiturazko planifikazio falta” leporatu dio. Epaitegiek onartutako plana aurreko legegintzaldi akaberan “presaka” onartu zela eta aurrekontuaren %90 errauskailurako zela gogorarazi du. 2012ko udaberrian Roberto Jimenezek hondakinei errauskailurako atea itxi eta porlandegikoa zabaldu ziela esanez segitu du Zelaiak. “Aldaketa horrek bakarrik plana bertan bera gelditzea eskatzen zuen”.
Plan berria egiteko herritarrek dokumentazioa aztertzeko eta ekarpenak egiteko gobernuak soilik 20 egun ematea kritikatu du Zelaiak. Baliogabetutako plana berraztertu beharrean plan berri bat egitea eskatu du. Nafarroako Gobernuak herria ardatz duen kudeatzeko beste eredu baten alde azaldu da fundazioko kidea.
Plan berria
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du “duela hilabete batzuk plana berraztertzeko lana hasi zuela, plan berri bat onartzeko”. Prozedura lastailaren 17an abiarazi zuen ekarpenak jasotzeko hiru aste emanez. 18 erakundek eta pertsonek egin dituzte ekarpenak. Horien artean daude, besteak beste: 3 Mugak Batera plataforma (errausketa baztertzeko eta minbizi inzidentzia ikerketa eskatuz), ELA, Emausko Traperoak, Greenpeace edo Sustrai Erakuntza.
Plan berrian errefusaren tratamendua eta Europako araudi berriak kontuak hartuko direla jakinarazi du foru administrazioak. Baita aurreko planean materia organikoa jasotzeko gaika jasotzeko edota prebentzioan eta birziklatzean jasotako “helburu handiak” ere. Gobernuak aurreratu du planean tratamendurako ez dela errauskailurik aurreikusiko. Porlandegian hondakinak erregai gisa erabiltzeaz, ordea, ez du ezer esan. Plan berria onartu bitartean estatuko araudia dago indarrean (22/2011 Legea, hondakin eta kutsatutako zoruei dagokiena).