Elkar ekintza prebentzio programetan

Prebentzio Programak 2015ko ots. 6a, 07:59

Urte hasieran gaude eta prebentzio programentzako hauek planifikazio datak izaten dira. Egoera hau kontuan izanda, Sakanako hiru Gizarte zerbitzuetako prebentzio programek komunean egiten ditugun ekintzen laburpen bat egiteko aprobetxatu dugu.

Lehenengoa eta guztientzat oso ezaguna dena JAIBUSA da. Aurten, martxan jarri zenetik 15 urte betetzen dira. Jaibusak, kontsumoen ondoren eman daitezkeen trafiko istripuen murrizketa eta biztanleria kontsumo eta gidatzearen inguruan sentsibilizatzea ditu helburu nagusiak. Jakina da asteburuetan gazteak eta hain gazteak ez direnak ere alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzen dituztela, kontsumo hauek jaietan areagotzen direlarik. Eta honekin lotuta, gure zonaldean herrietako jaietara joateko dagoen ohiturak, jaibusa martxan jartzera eraman gintuen.

Aipatu jaibusa pertsona guztientzat dago zuzendua , eta ez bakarrik gazteentzat, batzuk uste duten bezala.

Elkarlanean egiten dugun beste gauza bat udako prebentzio kanpainak izaten dira. Hauetan Sakanako prebentzio programez gain, Leitzakoak ere parte hartzen du. Kanpaina hauen helburua sentsibilizazioa izaten da; adin konkretu bati, egoera desberdinen eta kontsumo desberdinen arrisku murrizketen inguruko informazio kontrastatua helarazten diegu. Kanpaina bakoitzaren edukia, teknikariok antzeman ditugun beharren arabera aldatzen da: behar hauek gurasoek, irakasleek, gazteek, aisialdiko teknikariek… ematen diguten informaziotik jasotzen dugu. Beti uda hasieran banatzen dugu, denbora libre asko izanik, kontsumo gehiago edukitzeko aukera dagoelako. Formatua ere urte batetik bestera aldatu egiten da, beti ere, erabilgarria den zerbait bilatuz (porta CDak, zapatilleroak, boligrafoak, agendatxoak…), bertan agertzen den informazioa behin irakurrita ez botatzeko. Kanpaina batzuetarako gazteen kolaborazioa ere eskatu izan dugu.

Azkenekoa Gozamenez programa da. Bertan prebentzio teknikariez gain, Altsasuko gazte teknikaria, Etxarriko emakumearen arreta zentroko hezitzailea eta Etxarriko kultur teknikariak parte hartzen dute. Gozamenez gazteria eta sexualitateari buruzko programa bat da, non sexualitatea era positibo eta plural batetik lantzen den. Urtero programatzen diren ekintza batzuk daude:  Ur festak, antzerkiak, zineforumak, DBHko ikasleekin unitate didaktikoak… eta urtero ere gauza berriak sartzen dira, gazteekin tailerrak, e.a.

Ekintza hauetaz gain prebentzio programa bakoitzak berezitasun propioak ditu, lan egiten duen zonaldearen eta gizarte zerbitzuaren errealitatearen arabera. Askotan ekintza berdinak izanik ere, modu, momentu eta pertsona ezberdinentzat antolatuak izaten dira, adibidez gurasoentzako tailerrak, guraso eskolak, ikastetxeekin lana…