Lau sakandar Nafarroako Bertsolari Txapelketan

Guaixe 2015ko ots. 3a, 15:22
Javier Fernandez Valdivieso, FundaciĆ³n Caja Navarrako zuzendaria, eta Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragilea.

Josema Leitza, Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Oier Lakuntza ariko dira 42. edizioan. Sakanan final-laurdenetako bi saio izanen dira: igandean, 17:30ean, Irurtzungo kultur etxean eta otsailaren 22an, igandean, 17:30ean, Lakuntzako kultur etxean

Inoizko parte hartzerik handienarekin, 33 bertsolari, larunbatean hasiko da 42. Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Sakandarren parte-hartze handiena ere izanen du txapelketak, lau: Josema Leitza, Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Oier Lakuntza. Haietako bakarra, Lazkoz, izanen da Sakanan ariko dena, Lakuntzakoan hain zuzen ere. Bestalde, txapelketa aurrera eramateko gai jartzaileen lan taldean Jon Arratibel eta Maider Ansa etxarriarrak ere ariko dira. Azken hori, gainera, Lakuntzako final-laurdeneko aurkezlea ere izanen da.

Bertsotan lehenik hasiko diren sakandarrak Leitza eta Lakuntza dira. Larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Katakrak liburutegian ariko dira Jon Barberena, Aritz Saragueta, Bittor Elizagoien eta Unai Uberetagoenarekin batera. Hurrengo igandean, otsailaren 15ean sartuko da lehian Beltza, Zubiriko Gautxori jatetxeko saioan. Azkena, berriz, Lazkoz izanen da, hilaren 22an, Lakuntzan iragarri den saioan.

Igandean Irurtzunen
Kultur etxean, 17:30ean hasita, txapelketako bigarren final-laurdena jokatuko dute Julio Sotok, Alazne Untxalok, Iban Garrok, Julen Zelaietak, Migel Mari Elosegi Luzek eta Kotte Plazak. Fernando Anbustegi izanen da aurkezlea. Sarrerak Pikuxarren eros daitezke: 4 euro 16 urtetik beherakoek eta bertsozale elkarteko bazkideek eta 6 helduek. Internetez, bestela, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Txapelketa
Bost final-laurden jokatuko dira. Bakoitzean seina bertsolari ariko dira eta onenak txapelketan aurrera egiteko txartela eskuratuko du. Puntuazio altuena duten gainontzeko 13 bertsolariak pasako dira final-aurrekoetara. Martxoko lehen bi asteburutan jokatuko dira hiru final-aurrekoak. Bakoitzeko onena finalean ariko da eta puntuek emanen diete beste boskote bati Elizondoko azken saioan aritzeko aukera, maiatzaren 28an.

Finalaren aurreko bi faseetan bertsolariek honako lana egin beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta kartzelako lana (lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian).

Eskaerak eta helburuak
Txapelketak hamar saio izanen ditu, azken urteetan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egindako lan isilaren isla direnak. Elkarteko kide Lorea Arburuak esan duenez, “lan horren bitartez, gazte eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzen da eta horretan aritzeko aukera izan dezatela. Gero eta gehiago dira Nafarroako herrietan sortzen ari diren gaztetxo zein helduentzako bertso eskolak”.

Hezkuntza Departamentuak Bertsolaritza irakaskuntzan programari duela bi urte finantzazioa kendu ziola gogorarazi du. “Udal eta mankomunitate askok erakutsi duten konpromisoari esker, programa mantentzea lortu dugu, oso murriztuta bada ere”. Horregatik, departamentuari programa berriro finantzatzeko eskatu dio Nafarroako Bertsolari Elkarteko eragileak.

Arburuak aurkezpenean esan duenez, txapelketak bertsolaritza zaletasuna sustatu edota hura ezagutarazteko balio du. Aldi berean, bertsolari nafarrak ezagutzera emateko erakusleiho ere bada. Bestetik, txapelketaren bueltan bertsolaritzaren alde Nafarroan ari direnak biltzen ditu. Hala 80 bat pertsonen elkarlanaren fruitu da txapelketa eta urtean zehar antolatzen diren gainontzeko ekimenak.

Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat bihurtu da bertsolari txapelketa, ediziotik ediziora bai euskaldunen bai erdaldunen artean gero eta ezagunagoa egiten dena. Hala, bertsolaritzak Nafarroan bere itzala handitu egin du.

 

Zozketa Irurtzungo saiorako bi sarrera zozekatutko dituzte Guaixe astekariak eta Beleixe Irratiak (FM 107,3). Sare sozialen bidez erantzun Irurtzungo zein tokitan jokatuko den final-laurdeneko saioa igandean.