Lakuntzak sendo hasi du txapelketa

Guaixe 2015ko ots. 9a, 14:47
Atakondoa eskolako ikasleek agurra kantatu zuten saio hasieran.

Nafarroako Bertsolari Txapelketan sarrera ezberdina egin dute Oier Lakuntzak eta Josema Leitzak. Biak ere gainezka zegoen Iruñeko Katakrak aretoan aritu ziren bertsotan. Saioko onena Jon Barberena izan zen (253 puntu) eta berak lortu zuen final-aurrekorako txartela. Lakuntza 6,5 puntura sailkatu zen (246,5 puntu) . Eta saioko gainontzeko puntuazioa koska bat beherago egon zen. Leitzak laugarren postua lortu zuen (232,5 puntu).

Bai urdiaindarrak nola arbizuarrak gainontzeko final laurdenetako sailkapenen zain egon beharko dute txapelketako hurrengo txandarako txartela lortzeko. Momentuz, puntukako sailkapen horretan Lakuntza buru da eta Leitza zazpigarren.

Irurtzun
Kultur etxea goraino bete zuten bertsozaleek txapelketako bigarren final-laurdena ikusteko. Saioari hasiera Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko ikasleen agurrak eman zien. Ondoren Julio Soto, Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi Luze, Alazne Untxalo, Kotte Plaza eta Iban Garroren txanda izan zen. Soto izan zen saioko onena, eta puntuei erreparatuta, baita asteburukoa ere. Gainontzekoen maila parekatuagoa izan zen.

Txapelketak igandean, 17:30ean, Zubirin izanen du segida. Hirugarren final-laurdenean Oskar Estanga, Amaia Elizagoien, Aimar Karrika, Sarai Robles, Saioa Alkaiza eta Joseba Beltza etxarriarra ariko dira. Berarekin hiru izanen dira lehian sartuko diren sakandarrak. Laugarrena eta azkena, Eneko Lazkoz, hilaren 22ko Lakuntzako saioan ariko da.