Maparako soinu bila

Guaixe 2015ko ots. 22a, 13:25

Halaxe ibili ziren larunbatean Olatzagutiko herri inauterian Iñigo Telletxea eta Xabier Erkizia. Bina mikrofono handi eta grabagailua aldean zutela, inauteri olaztiarraren soinu testigantza jaso zuten. Eta horiek dagoeneko www.soinumapa.net web orrian entzungai daude. Baina ez soilik larunbatekoak, web orri horretan Sakanan hartutako 18 audio daude entzungai: Uharte Arakilgo 1, Unanuko 5, Etxarri Aranazko 3, Urdiaingo 1, Altsasuko 5 eta Olatzagutiko 3.

Soinu Mapa hala definitzen dute: “fonografia edo gure inguruko hotsak grabatzeko artea oinarritzat hartuz, soinuzko landa-grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkartrukatzea xede duen sare plataforma da. Etengabe on-line sortzen den eta on-line bizi eta handitzen den soinuen artxibo ireki bat da”.

Web gunean Euskal Herrian egindako hainbat grabaketa entzun daitezke, haiei dagokien informazioarekin hornituta. “Aldi berean, soinuzko memoria bilduma interesgarri, aberatsa eta publikoa osatzen dute” Soinu Mapa grabazioek. Edozeinek egindako grabazioak soinu mapan tokia dutela jakinarazi dute. Gainera, ekarpen guztiak Creative Commons lizentziapean banatzen dira.

Audiolab
Erkizia artista eta ekoizlearen zuzendaritzapean sorturiko egitasmoa da Soinu Mapa. Berau Audiolab soinu ikerketari eskainitako irabazi asmorik gabeko kultur elkartearen proiektuetako bat da. Elkartearen egitekoa “egungo gizartean soinuaren kultura” sustatzea da. Entzumenari buruz eta entzumenarekin lan eginez, alor artistiko, dokumental, ikertzaile, sozial edo antropologikoen arteko mugetan aritzen da, haien arteko elkarlana sustatzen.