Ibarreko historiaren ikerlari gazteak

Guaixe 2015ko ots. 21a, 09:34

Frankismo garaiko 250 sakandarren testigantza jasoak dituzte institutuan.

Aurreko ostiralean Aralarko Mikel Donea institutuko DBHko 4. mailako ehun bat ikasle Laura Benadibarekin bildu ziren. Historialari argentinarra, ahozko historia jasotzeko metodologian aditua, Iruñera liburu bat aurkeztera etorri behar zela baliatuta Altsasura etorri zen. Hainbat liburu eta DVDren bat argitaratuak ditu eta Argentinan ikasleekin gaia asko landu du. Ostiralean ikasleei ahozko iturriekin nola lan egin azaldu eta grabazioak egiteko aholkuak emanen dizkie.

Institutuko Gizarte Mintegiko irakasle Ander Leonek azaldu digunez, “DBHko 4. mailan ahozko historia lantzen dugu. Ikasleek adindu bati elkarrizketa bat egiten diote. Frankismo garaian nola bizitzen ziren galdetzen diete: txikitako gauzak (haurtzaroa, eskola…), gaztetasuna, jaiak, ezkontza, bikote harremanak, lana, politika, erlijioa eta halakoak”. Ikasleek irakasleari elkarrizketaren transkripzioa, hura jasotzen duen diskoa, audioa edo bideoa, eta haiek egindako laburpen bat eman behar diote. Dagoeneko, aurtengo grabazioa egina dute.

Onurak
Ikasketa era horren onurak nabarmendu dizkigu Leonek: “ikasleak ikasten dutenaren parte dira. Ikasgelan ikasten dutena euren familiei ere gertatu zaiela ikus dezakete. Gertutasun hori aprobetxatuz eduki hori lantzeko beste modu bat da”. Eta gaineratu du: “ikasleak historia beste modu batez ezagutzearekin batera, historiako iturri bat ere sortzen ari dira. Testigantza horiek beraiek jasotzen ez badituzte ez lituzke inork jasoko eta galdu eginen lirateke”.

Leonek argitu digunez, langintza horretan zazpi urte daramate. “Frankismo garaian nola bizi diren azaltzen duten ibar guztiko 250 bat sakandarren elkarrizketa dituen artxibo bat dugu institutuan”. Ikastetxean bertan kontsultatu daiteke funtsa eta bilaketak azkartzeko jasotako guztiaren datu base bat egiten ari dira. Irakasleak gaineratu duenez, “gauza bera egiten duten Nafarroako beste institutu batzuekin harremanetan gaude”.