Binakakoa Altsasun: Ezkurdia-Zabaleta / Bengoetxea VI-Untoria

Guaixe 2015ko ots. 20a, 12:45

Gaur, 22:00etatik aurrera, Burunda pilotalekuan (ETB1)

Binakako Pilota Txapelketako 10. jardunaldiko partida bat Altsasun jokatuko da. Gaur izanen da, ostiralean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan abiatuko den jaialdian. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Bengoetxea VI.a eta Aretxabaleta ordezkatuko duen Untoria izanen dituzte aurkari. Baina aurretik beste partida bat jokatuko da: Jaunarena-Cecilio / Altuna III.-Merino. Sarrerak salgai jarriko dituzte Burundako txarteldegian.

Sakandarrek aurreko bi partidak galdu dituzte eta ea konfiantza berreskuratzen duten, euren 8. puntua lortzeko. Asteazkeneko material aukeraketan ez ziren konforme geratu, pilotak "nahiko sosoak" iruditu zitzaizkielako. Ea zer uzten duen partidak.

Zubietak atzo aukeratu zuen
Aitor Zubietak eta Pablito Berasaluzek larunbatean Artola eta Albisu izango dituzte aurkari Amorebieta-Etxanon. Laurek atzo aukeratu zuten materiala. Zubietak eta Berasaluzek lehenbailehen lortu nahi dute 8. puntua, txapelketako finalerdietarako sailkatu ahal izateko.