Bi bertsolari txapelketan aurrera

Guaixe 2015ko ots. 23a, 12:35

Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza martxoaren 15eko final-erdian ariko dira, Burlatan.

Lakuntzako atzoko final-laurdenetako saioa despeditu ondoren jakin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan aurrera eginen duten 18 bertsolarien izen abizenak. Eneko Lazkoz Martinezek Lakuntzan bertan lortu zuen zuzeneko txartela. Berarekin batera aurrera egin du Oier Lakuntza Irigoienek. Urdiaindarra Iruñeko saioan lortutako bigarren postuarekin puntukako sailkapeneko buru izan da (246,5 puntu).

Puntukako sailkapen horretan 14. postuan bukatu du Josema Leitza Razkinek. Arbizuarra final-erdien atean gelditu da postu bategatik eta 2 puntu eskasengatik (230,5). Gutxigatik ez du lortu, beraz, aurreko txapelketan lortutakoa. Bederatzi urte txapelketatik kanpo ibili ondoren lehiatzera bueltatu den Joseba Beltza Bengoetxeak 22. postuan bukatu du puntukako sailkapenean (223,5), final-erditik bederatzi puntura.  

Aurrera
Lazkoz eta Lakuntza martxoaren 15ean, igandean, 17:30ean, Burlatako kultur etxean jokatuko den final-erdian ariko dira. Hirugarren eta azken final-erdi horretan bi sakandarrekin batera ariko dira: Oskar Estanga, Migel Mari Elosegi “Luze”, Saioa Alkaiza eta Aritz Saragueta. Saio horren ondoren jakinen da martxoaren 28ko Elizondoko finalean ariko diren zortzi bertsolarien izenak.

Beste bi final erdiak martxoaren 7an, larunbatean, eta martxoaren 8an, igandean, jokatuko dira, Berriozarko auditorioan eta Lesakako kultur etxean. Biak ere 17:30ean. Saio bakoitzeko onena eta puntu gehien lortzen dituzten beste hiru bertsolariak izanen dira finalean.

Final-laurdenetako lan bera egin beharko dute bertsolariek final-erdietan: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian, binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta kartzelako lana, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atariaren bidez eskuratu daitezke.


Lakuntzako saioa
Atzo 190 bertsozalek bete zuten Lakuntzako kultur etxea. Azken final-laurdeneko saiora bildutako guztiei Altsasuko Bertso Eskolako kideek eman zieten agurra. Giro bikaina lagun lehiatu ziren sei bertsolariek saio gustagarria osatu zuten, denek bertso-aldi ederrak eskainiz. Bai ofizioetan bai kartzelako lanean ere umorea izan zen protagonista, eta bertsozaleek gogoz txalotu zuten bertsolarien jarduna.

Eneko Lazkozek bakarkako lanerako bertso-doinu berria mustu zuen. Etxarriarra izan zen saioko onena (260,5 puntu) final-erditarako zuzeneko txartela lortu zuena. Puntuazioz jarraian izan zituen Xabier Terreros (244), Iñigo Olaetxea (242), Xabier Maia (230,5), Patxi Castillo (228) eta Ioar Tainta (215,5). Aurreneko hiruek ere txapelketan segituko dute.