Euskara ofiziala Nafarroa osoan

Juankar Mugartza 2015ko ots. 27a, 08:00

Gezurra badirudi ere, euskarak, galtzeko arriskuan dagoen altxor linguistikoak, babesa jaso beharrean, jipoia jasaten du behin eta berriz botere glotozida guztien aldetik. Robert Louis Balfour Stevenson-ek Altxorraren Uhartea izeneko liburua idatzi zuen, eta nik behin baino gehiagotan irudikatu izan dut Euskal Herria uharte bat bezala, altxorrez beteta dagoena... ulertzen ez dudana da zergatik gure kasuan piratek altxorra zaindu beharrean, zapuztu eta hondoratu nahi duten. Suposatzen dut dela, hain zuzen ere, pirata hutsak direlako, lapurtzen, ebasten eta osten baizik ez dakitenak. Hau da, gutxienez badakite hiru gauza horiek ongi egiten.

Stevenson Edinburgokoa zen, Eskoziarra, eta jakituria handikoa. Berak ingelesez idazten zuen arren, ongi ezagutzen zuen Eskoziako egoera linguistikoa, eskozieraz (Eskoziako gaelikoz) bazekielako; izan ere, bere amak Margaret Stevenson andreak “Lou” edota “Smout” deitzen zion, hau da “urtebeteko izokina” (hau esan ondoren Kung-Fu zaharraren “nire matxinsalto txikia” famatu haren oihartzunak etorri zaizkit burura, baina ez du zerikusirik; itzul gaitezen harira!). Ba, kontua da eskozieraz bazekiela literaturan ingelesez aritzen zen arren, baina gaelikoa maite zuen, bere hizkuntza zelako, bere familiarena, bere herriarena. Ez zitzaiokeen inoiz ere bururatuko ingelesa goraipatzearren, eskoziera zapuztea edota heriotzaren atariraino eramatea, hemengo Mister Hyde askok egiten duten bezala.

Bai, Stevensonek ongi ezagutzen zituen munduan diren gizon eta emakume gezurti, faltsu, zuri, elezuri, toles, tolesdun, aurpegi biko eta bi aurpegiko guztiak (Elhuyarren sinonimoen hiztegian begiratu dut). Eta ez zituen batere maite. Itsusi gertatzen zitzaizkion. Berak liburu garrantzitsu bat idatzi zuen itxuraz hain errespetagarriak diren Jekyll Doktorearen modukoen inguruan. Guk hemen, etxean, Euskal Herrian, Nafarroan bereziki, banaka batzuk ezagutzen ditugu. Egunkarietan edota telebistan ikusten ditugunean nazkaren zirrara sentitzen dugu goitik behera, zerbait oso gaiztoa baitute haien begiradetan. Mister Hyde, batzuetan, gorriz jantzitako emakume baten gorputzean ezkutatzen da, beste batzuetan, berriz, gizontxo baten burmuin hutsean... egunez irakaskuntzan diplomaturiko banku-enplegatua da, gauez Nafarroako Presidente bilakatzen da. Presidente, inolaz ere ez Lehendakari. Biek ala biek, Hyde andreak eta Hyde jaunak, euskara entzun bezain laster beren Jekyll Doktore atseginaren itxura galtzen dute eta euskara galbidera eraman nahi dute gauza guztien gainetik.

Duela egun gutxi, oraindik ihoteen giroan geundelarik, Nafarroako Parlamentuak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen Nafarroa osoan euskara ikasteko eskubidea bermatzeko. Urrats txiki bat izan da horrenbeste Mister Hyde jaun-andreen kontra aritzeko. Stevensonek Gezi beltza liburua idatzi zuen eta akordio hau beren bihotzetan iltzatu zaien gezi beltz bat bezala sentitu dute euskararen kontrako amorratuek.

Arrisku eta mehatxu guztien gainetik, nekez, baina beti aurrera egin du euskarak, itolarrian egon arren arnasa hartzen jakin izan du egoerarik larrienetan ere. Samoatarrek Tusitala deitu zioten Stevensoni “kontu kontaria” eta samoatarren alde altxatu zen alemanen menderakuntzaren aurka eta Honoluluko Reberendo C. M. Hyde Doktore azpijokoaren kontra. Ikas dezagun eskoziarrarengandik. Euskara ofiziala Nafarroa osoan. Euskara hedatu!! Euskara zabaldu!!