Ikastetxeko atsedenaldietan haurren euskararen erabilera sustatzeko programa

Guaixe 2015ko ots. 28a, 10:08

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak jarri du martxan eta Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasleei zuzenduta dago.

Sakanako Mankomunitateak programaren bidez haurren artean euskararen erabilera sustatu nahi du. Ikasleek ez dezatela euskara hizkuntza akademiko soil gisa hartu, haurren arteko harremanetarako hizkuntza naturala bihurtzeko oinarriak jarri nahi ditu.  Horretarako, begiraleek monitorizatutako jolasen bidezko ordu erdiko zortzi saio eginen dira ikasle talde bakoitzarekin.

Dindaia fundazioari esleitu dio Sakanako Mankomunitateak Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako atsedenaldietan haurren euskara erabilera sustatzeko programaren kudeaketa. Fundazioko kideak D eta A ereduko 12 ikastetxetako haurrekin ariko dira aurten. Gehienez ere 43 talderekin. Mank-ek kontratua urtez urte luzatzeko aukera du, beti ere, gehienez lau urteko mugarekin.

Parte hartuko duten ikastetxeak:
Atakondoa ikastetxe publikoa (IP), Aralarko Mikel Donea IP, Luis Fuentes IP, Arbizuko herri ikastetxea, San Donato IP, Andra Mari ikastola, Arrano Beltza IP, Urdiaingo herri ikastetxea, Zelandi IP, Sagrado Corazon ikastetxea, Iñigo Aritza ikastola eta Domingo Bados IP.