Axioren dokumentala grabatzeko crowfundingaren helburua lortuta

Guaixe 2015ko ots. 26a, 16:59
Aurkezpenean makina bat sakandar izan ziren.

Internet bidez 2.500 euro lortzea aurreikusten zen eta 2.760 euro lortu dira. Diru bilketak jarraitzen du, dokumentala grabatzeko aurrekontua 5.000 eurokoa baita.

Axioren Lagunak fundazioak ilbeltzean aurkeztu zuen Jose Ignazio “Axio” Floresen bizitzari buruzko dokumentala egiteko egitasmoa. Proiektua aurrera eramateko diru bilketa kanpaina abiatu zen orduan, crowfunding edo internet bidez, batetik, eta Laboral Kutxan kontu zenbakia zabalduz, bestetik. Dokumentalak sakandarren eta Axioren lagun eta ezagunen bultzada jaso du, crowfunding bidez ilbeltzaren 16tik otsailaren 24ra bitartean Interneteko www.karena.eu izeneko plataforman 2.500 euro jasotzea aurreikusten baitzen, eta 2.760 euro jaso baitira. Baina Laboral Kutxako kontu zenbakiak zabalik jarraituko du interesatuen borondatea jasotzeko, izan ere Axio Floresen dokumentala grabatzeko proiektuak 5.000 euro inguruko aurrekontua du. “Pozik gaude jendeak erantzun duelako. Baina dokumentala grabatzeko hasierako aurrekontua 5.000 eurokoa da. Horregatik, Laboral Kutxako kontu zenbakiak zabalik jarraitzen du, eta bertan euren laguntza ematea eskatzen diegu sakandarrei” adierazi du Monica Etxebarriak.

Axio Flores jaiotzez arbizuarra zen, baina Ziordian bizi zen, ezkondu ondotik. Sakanan eta Sakanatik kanpo oso ezaguna zen: ofizioz harakina, aizkolaria, herri kirolen sustatzailea, ekitaldi solidarioetako arima, sukaldaria, aurkezlea, bere garaian espetxean egondakoa… milaka aurpegi zituen Axiok eta milaka lagun. Gaixotu zenean sortu zen elkartasun olatua ere ikusgarria izan zen. Horregatik Axioren bizitza kontatu beharra zegoela iruditu zitzaien bere gertukoei eta Axioren Lagunak fundaziokoei, bere lekukotza gordetzeko. Eta hala abiatu zuten dokumentala aurrera atera ahal izateko diru kanpaina.   

Egileak Insausti, Reparaz eta Unanua
Enara Insausti arbizuarrak egingo ditu dokumentaleko elkarrizketak eta bideogintza lanak. Pello Reparaz musikari arbizuarrak musika banda sortuko du eta lan guztiaren muntaketa Xabi Unanua irurtzundarrak hartuko du bere gain. Dokumentalak 40 minutu inguru izanen ditu eta udarako egina egongo dela aurreikusten dute.

Testigantza eta dokumentazio bilketa
NorbaitekAxioren argazkiak, bideoak, informazioa edo pasadizoak baditu,  ondoko helbidera jotzeko deia egin dute proiektuko arduradunek: info@axioflores.com. Bestalde, ekimenari buruzko informazioa eta beste ondoko web gunean jaso daiteke: www.axioflores.com.  

Kontu korrontea zabalik (Laboral Kutxa):
3035 0112 00 1121055951