Gure Esku Dago-Hautestontziak

Bihar aurkeztuko da Sakanako Gure Esku Dago

Guaixe 2015ko ots. 27a, 10:15

Larunbatean, 18:30ean, Lakuntzako kultur etxean

Makina bat herri-eragile gonbidatuta daude Sakanako Gure Esku Dago taldearen biharko aurkezpenera. Gaizka Aranguren izanen da ekitaldiko zeremonia maisua. “Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egiten duen dinamika anitza eta parte-hartzaile” gisa definitzen du bere burua Gure Esku Dagok. Dinamika herritar hori hiru printzipioren bueltan antolatu da: lehena, herri bat gara; bigarrena, erabakitzeko eskubidea dugu eta, azkena, herritarron garaia da. “Erabakitzeko eskubidea herri honetan bizi garen guztion topalekua” izateko lan egiten du Gure Esku Dagok. 

Printzipio horiek kontuan izanik, “alboan ditugun pertsonekiko begirunez eta era positiboan lan egitea gustuko” dute dinamikako kideek. Horren adibide joan den urteko garagarzaroaren 8an antolatutako giza katea. Hain zuzen, ekimen hari eta erabakitzeko eskubideari buruzko hainbat iritzi jasotzen dituen Jostunak dokumentalaren Sakanako mustutzea ere eginen da bihar Lakuntzan. “Milaka lagunek hilabeteetan egindako jostun lana ikusi ahal da dokumentalean; haria herritarren borondatea izanik, deslotuak zeuden herritarrak batzeko gaitasuna izan dute herriz herri lanean jardun dutenek”. Biharko aurkezpena auzatearekin despedituko da.