Familia eta babes faktoreak

Gizarte Zerbitzuak 2015ko ots. 27a, 08:00

Gaurkoan ere familiaren paperaren inguruan arituko gara. Gure seme-alaben heziketan familia funtsezko esparruetako bat bezala ikusita. Jakina da, familia barruan babes faktoreak (familia giro ona, osasun ereduak, hezteko estilo indargarria eta positiboa…)  sustatzea oso gomendagarria dela, gure seme-alabek gainditu beharreko arriskuak behar bezala kudeatzeko aukerak handitzen dituztelako, onik atera daitezen.
Babes faktore hauek lehenbiziko urteetatik hasi behar dira jorratzen. Horrela, seme-alabak nerabezarora iristen direnean, jarrera osasuntsuak izateko aukera handiagoak izango dituzte.

Hona hemen seme-alabei heldutasunera heltzen lagundu ahal dieten argibide batzuk. Hauek dira prozesuan parte hartzen duten elementu garrantzitsuenak:

Autoestimua eta autokontzeptua. Gure seme-alabengan hauek sustatzeko hona hemen zenbait irizpide: maitasuna eta ulermena eskaini; bere dohain eta akatsekin onartzea; inportanteak direla sentiaraztea; ahal dela, haien gaitasunei egokitutako helburuen atzetik jo dezaten orientatzea; ahaleginaren garrantzia sustatu, eta ez lorpenarena, eta erantzukizunak pixkanaka eman.

Autonomia: erantzukizunak hartzeko aukera ematea; erabakiak hartzeko uneak eta tokiak izatea; portaera eta jarrera autonomoak indartzea eta arau argi eta hitzartuak jartzea, menpekotasunean ez erortzeko adinako segurtasuna ematen dietenak, autonomiaz jokatzea galarazi gabe.

Autokontrola: frustrazioarekiko tolerantzia lantzea txikitandik; estresa eta estutasuna erabiltzeko gaitasuna sustatzea; familiak laguntza eman dezake seme-alabek beren nahiak geroko utzi eta porrota jasaten ikas dezaten; ulertu behar dute ez dugula beti lehenbizikotik lortuko nahi duguna eta garrantzitsua dela iraupena eta jo eta ke aritzea berak nahi dituen xedeak lortzeko; gurasoek ez diegu seme-alabei nahi duten guztia berehala eman behar, giza harremanetan ezezkoa ere badela ulertu behar baitute, eta norberarenak ez diren beste ikuspuntu batzuk ere.

Tirabirak konpontzea: seme-alaben esku uztea konpon ditzaketen arazoak, eta haien erabakien alde egitea, emaitza ona izan edo ez; konponbide egokiena aukeratzea; arazoaz ohartu eta haren nondik-norakoak eta ezaugarriak zehaztea, eta ezikusiarena eginez arazoak ez direla konpontzen erakustea seme-alabei.

Baloreak argi izatea: gurasoek argi izatea beren baloreak eta hauek egunero eta modu normalean transmititzea, familia giro egokian; kontraesanik ez izatea esan eta baloratzen denaren eta egiten denaren artean eta seme-alabek baloreak argi izan eta sendotu ditzaten bultzatzea.