Irristalari onenak bihar Olaztin

Guaixe 2015ko ots. 27a, 13:59
Sakana Irristaketa Taldeko kide batzuk.

Nafarroako 300 irristalari espero dira Nafarroako Abiadura Irristaketa  Txapelketako Indoor probetako 4. topaketan. Bihar, 10:00etan, Olaztiko Erburua kiroldegian

Otsailaren 7an Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako Indoor probak abiatu ziren. Hiru jardunaldi jokatu eta gero, laugarren jardunaldia Olaztira etorriko da. Bihar, larunbatean izanen da, goizeko 10:00etatik aurrera, Erburua kiroldegian. Sakanako Irristaketa Taldeak Olazti eta Altsasuko Udalen, Mankomunitatearen, CajaNavarra Fundazioaren, Copreci Altsasukoren eta Nafarroako Irristaketa Federazioaren laguntza izan du proba antolatzeko.
Sakana Irristaketa Taldeko Juli Acebes entrenatzaileak azaldu digunez, ez da erraza halako probak Sakanara ekartzea, eta horregatik bertara gerturatzeko deia egin die sakandarrei. Goizeko 10:00etan Txikien Ligako probak abiatuko dira –miniak, aurrebenjaminak, benjaminak eta kimuak– eta 12:00etatik aurrera Helduen Ligakoak –haurrak, jubenilak, juniorrak eta seniorrak–. Azken hauek tartean amerikar erreleboak egin beharko dituzte. Sakana Irristaketa Taldekoak ere bertan lehiatuko dira.