Irristaketa errege Olaztin

Guaixe 2015ko mar. 2a, 08:30

Nafarroako 9 irristaketa taldeetako 300 irristalarik parte hartu zuten Olaztin jokatutako Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako Indoor probetako 4. topaketan

Olaztiko Erburua kiroldegia txiki geratu zen larunbatean. Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako Indoor probetako 4. topaketa jokatu zen Olaztin, eta jardunaldi arrakastatsua izan zen oso. Nafarroako 9 irristaketa taldeek parte hartu zuten proban, 5 urtetik 24 urte arteko 300 irristalarik. Tartean zeuden, jakina, Sakana Irristaketa Taldeko neska-mutikoak.

Irristalariek lan bikaina egin zuten. Sakana Irristaketa Taldeko entrenatzaile Juli Acebesek onartu duenez, Sakana taldeko irristalariak kontentu eta emozioz gainezka zeuden etxean ari zirelako, eta urduri ere bai. Guztia kontuan hartuta, balorazio polita egin du entrenatzaileak.

Acebesek azaldu duenez, ez da erraza halako tamainako ekitaldia antolatzea. “Hala eta guztiz ere, guztia primeran atera zen. Sakana Irristaketa Taldeko kideek eta gurasoek lan bikaina egin zuten guztia ongi ateratzeko eta, horregatik, antolakuntzari zorionik beroenak eman behar zaizkio” nabarmendu zuen. Bere aldetik, Sakana Irristaketa Taldeko juntatik eskerrik beroenak eman nahi dizkiete irristaketa topaketa antolatzen lagundu dieten pertsona eta entitate guztiei.