Finalerdiak zehaztuta

Guaixe 2015ko mar. 24a, 09:18

Ezkurdia-Zabaletak Artola-Albisu izanen dituzte aurkari eta Berasaluze II-Zubietak Bengoetxea VI-Aretxabaleta

Asteburuan hasiko dira Binakako Pilota Txapelketako finalerdiak. Asegarcek eta Aspek Bilboko Bizkaia eta Donostiako Atano III.a aukeratu dituzte finalerdien lehen jardunaldiko egoitza. Larunbatean Berasaluze II.ak eta Aitor Zubietak Oinatz Bengoetxea eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari Bizkaian (17:30ean, laSexta), eta igandean, berriz, Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak Artolaren eta Albisuren kontra aritu beharko dute Atano III.ean (17:00etan, ETB1).

Binakako hasierako ligaxkan Bengoetxea eta Aretxabaletaren kontra jokatutako bi partidak aintzat hartuta, lehenengoan 22-17 gailendu ziren Berasaluze II.a eta Zubieta eta bigarrenean Berasaluze ordezkatu zuen Danel Elezkanok eta Zubietak ederki izerditu behar izan zuten Oinatz Bengoetxea eta Aretxabaleta ordezkatzen zuen Untoria 22-19 menpean hartzeko. Konfiantza hori eta gehiago beharko dute Berasaluzek eta Zubietak, Irujo eta Barriola bidean uztetik moralaz gainezka dagoen Oinatz Bengoetxearen eta Aretxabaletaren kontra gailentzeko.  

Bestalde, Ezkurdiak eta Zabaletak Artolaren eta Albisuren kontra irabaztea eta galtzea zer den badakite. Ligaxkako joanekoan sakandarrak irabazi zieten gipuzkoarrei, 22-11, baina itzulerakoan, aldiz, gipuzkoarrek 16-22 irabazi zieten sakandarrei. Hortaz, igandeko lehiara parez-pare iritsiko dira bi taldeak.

Finalerdietan ongi hastea gakoa da, eta irabaztera atera beharko dira gure pilotariak. Hasierako ligaxka ahaztuta, orain zerotik abiatuko dira lau bikoak, eta, dagoeneko, ez dago faboritorik. Ea gure pilotariek orain arte emandako maila ematen duten eta finalerdiak ongi abiatzen dituzten.

Material aukeraketak
Berasaluze II-Zubietak eta Bengoetxea VI-Aretxabaletak asteazkenean aukeratuko dituzte pilotak, 11:30ean, Bilbon. Bestalde, Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu ostegunean bilduko dira Donostian materiala hautatzera, 11:30ean.