Arbizuko Master Saria David Garciarendako

Guaixe 2015ko api. 21a, 11:32

Iker Zabaleta urdiaindarra 8.a izan zen eta Iraitz Goñi arbizuarra 14.a

Lore azokarekin batera igandean Arbizuko III. Master Saria jokatu zen Arbizun, aldi berean Euskadiko Master Txapelketa zen lasterketa. Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatu zuen, eta master mailako puntako txirrindulariak bildu ziren bertan. Goizeko 11:00etan hartu zuten irteera Arbizutik, eta Sakanan barna buelta ederra eman eta gero, 98 km ondoren despeditu zen proba, Lizarragabengoatik, Zarapi zubitik, Ergoienatik eta Arakildik barna ibili eta gero. Seniorrak eta master 30, 40, 50 eta 60 kategoriako txirrindulariak lehiatu ziren.

Ibilbide eder bezain gogorraren ondoren helmugara aurretik laukote bat iritsi zen, eta esprint estuan Ciclos Gamen taldeko David Garcia nagusitu zitzaien (2:31:16) Tirituko Alberto Hierrori, Goernako Jose Antonio Larreari eta Biteriko Arkaitz Arakistaini. 18 segundora bikote bat sartu zen eta 31 segundora boskote bat. Tartean zegoen Goernako Iker Zabaleta urdiaindarra, probako lehen sakandarra, 8. Postuan iritsi zena. Talde bereko Iraitz Goñi arbizuarra 14.a izan zen, 1:22ra. Talde berean Peugeot Etormobil taldeko Alfredo Amillano sartu zen, 20. postuan. Aldiz, Peugeot Etormobileko Mikel Sarasola altsasuarra 30.a izan zen, 3:43ra. Ciclos Gameneko Alejandro Maya irurtzundarra 75.a sartu zen, 11:33ra. Guztira 95 txirrindulari klasifikatu ziren.

Master 30 kategorian David Garcia gailendu zen, master 40an Unai Agirrebeña –Iker Zabaleta hirugarrena izan zen–, master-50ean Iñigo Larrañaga, eta master 60an Luciano Mitxelena. Euskadiko Txapelketari dagokionez, Alberto Hierro izan zen txapelduna. Iker Zabaleta 7.a sailkatu zen, Iraitz Goñi 12.a, Alfredo Amillano 17.a, Mikel Sarasola 27.a eta Alex Maya 67.a.

Master mailakoek Nafarroako Master Txapelketa izanen dute jokoan igandean 10:00etan Erriberrin, XI. Pedro Canarias Memoriala (128 km).