Valorg proiektuaren lan bileraren balorazio ona

Guaixe 2015ko mai. 22a, 08:18

Enplegu berdea deitzen den horretan lanpostu potentzial gehien sortzeko arloa hondakinen kudeaketa dela diote hainbat azterketek. Materia organikoaren kudeaketak lanpostuak sortzeko zein baldintza behar dituen aztertzeko elkartu ziren Valorg proiektuko kideak Altsasun asteburuan.

Europako Batasunaren proiektu horretan Frantzia, Belgika, Txipre, Eslovakia eta Sakanako ordezkariak urte eta erdiz ariko dira. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak jakinarazi digunez, materia organikoaren kudeaketatik lanpostuak sortzeko bi faktore nabarmendu dira: prestakuntza eta legedia.

Manterolak azaldu digunez, “denok prestakuntza proiektuak ditugu. Horiek egokitasuna nola baloratu zehazten ari gara. Ikastarora joan aurretik eta ondoren lortzen diren jakintzak alderatzea eta lortutako prestakuntzak ikasleei lanpostuak sortzeko laguntza ematen dien baloratzeko tresnak zehazten ari gara”. Eskainiko dituzten prestakuntzek lanpostuak sortzeko duten balioa aztertuko dute proiektua indarrean den bitartean.

Alde horretatik, Manterolak jakinarazi digu proiektuko bost eskualdeetako prestakuntza plangintza anbizio handikoena Sakanakoa dela: “sei hilabeteko enplegu tailerra, Nafarroako Unibertsitate Publikoko uda ikastaroa eta auzo-konpost maisu-maistrendako trebakuntza”.

Legedia
Valorg proiektuaren lan bileretan parte-hartzaileek legediaren inguruko proposamenak egin beharra sumatu dute. Sakanara eta Nafarroara ekarriz, Manterolak azaldu digu  Nafarroako Hondakinen Partzuergoari proposamenak eginen dizkiotela. Bestalde, Nafarroako Hiri Hondakinen Plan Integrala idazteko prozesuaz ere gogoratu da garapen agentea eta lanpostuak sortuko dituen hondakinen kudeaketa politika aktiboen alde agertu da.