Mintzakideen txangorako gonbitea

Guaixe 2015ko mai. 22a, 08:49

Mintzakide taldea kafetegian.

Maiatzaren 30ean, 11:00etan, larunbatean Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoa bisitatuko dute. Itsasi euskaltegitik, autotan, 10:00etan abiatuko dira. Joan nahi duenak hona jo: 948 468 258 edo sakana_mintza@aek.org

Sakanako Mintzakide programan ari direnak heldu den asterako plana proposatu dute: garai bateko baserria eta garai bateko bizimodua ezagutzea. Sakandar euskaldunei luzatu digute txangora joateko gonbitea: “lagunekin, familiarekin, euskaltegiko lagunekin… Helburua, egun politaz gozatzea, euskaraz”. Sakanako mintzakideekin batera Lizarra eta Larraun aldekoak joatera animatu dira dagoeneko.

Programa
Euskara jakin baina hitz egiteko erraztasuna ez duten pertsonak eta euskaraz ederki moldatzen den beste batekin batzen ditu Mintzakidek. Lauzpabosteko talde txikitan. Astean ordu batez euskaraz hitz egiteko hitzordua jartzen dute, dela paseatzen, kafea hartzen, mendira buelta egiten…  Jakin bai baina aritzen ez diren horiek euskaraz hitz egiteko trebetasuna hartzea da helburua. Euskaltegiko ikasleak, euskara galdu eta berreskuratzen ari direnak… horiek ari dira Mintzakide programaren bidez mihia askatzen. Sakanak sei talde eta 52 mintzakide daude.


Sakanako eskaintza
Irurtzun
Ostegunetan, 17:30ean, Iratxon
Ostiraletan, 17:10ean, Pikuxarren

Lakuntza
Astearteetan, 18:15ean, Ogiberri kafetegian

Etxarri Aranatz
Ostiraletan, 15:00etan, estalopean eta geroago Xapatero tabernan

Altsasu
Astearteetan, 10:00etan, Akeitan
Ostegunetan, 17:00etan, Koxkan

Olatzagutia
Astearteetan, 15:30ean, kiroldegiko tabernan