Ultra Beraza

Guaixe 2015ko eka. 1a, 13:05

III. Euskal Herria Mendi Erronka ultratrailean bederatzigarrena sailkatu zen uhartearra, probako lehen beteranoa

Sakandarrak III. Euskal Herria Mendi Erronkan (65 km)
1.Daniel Agirre: 6:42:59
9.Jose Luis Beraza: 7:39:17
21.Evaristo Noveleta: 7:55:48
30.Joxeja Maiza: 8:05:13
35.Gorka Santesteban: 8:10:10
94.Alatz Agirre: 8:49:59
138.Javier Beraza: 9:19:19
182.Jose Julian Lopez: 9:42:23
261.Mikel Perez de Eulate: 10:18:41
284.Felix San Roman: 10:28:28
320.Francisco Javier Rodriguez: 10:40:41
323.Sergio Goñi: 10:41:33
337.Arantzazu Larrañaga: 10:50:56
338.Patxi Rubio: 10:50:56
378.Iban Verdugo: 11:14:16
409.Iñaki Morillas: 11:29:14

Larunbat goizean abiatu zen, Leitzako plazatik, III. Euskal Herria Mendi Erronka Ultratrail gogorra (65 km, 7.000 metroko desnibel metatua). Leitzatik abiatuta, korrikalariek Guratz, Gorriti, Arribe, Gaintza, Irumugarrieta (probako mendirik altuena, 1.431 m), Albi, Artxueta, Lekunberri, Etxarri Larraun, Ireber eta Kornieta gainditu behar izan zituzten, Leitzako helmugara iristeko. 600 korrikalarik hartu zuten irteera, baina 493 iritsi ziren helmugara.

Sant Celoniko Daniel Agirrek sekulako erakustaldia eman zuen eta ia sei ordu eta hiru laurdenetan burutu zuen proba (6:42:59), Javi Domingez gasteiztarrari 16 minutu aterata (6:58:05). Xabier Zarranzek osatu zuen podiuma (7:11:19). Jose Luis Beraza bikain aritu zen eta bederatzigarrena iritsi zen helmugara (7:39:17), probako lehen beteranoa eta lehen sakandarra. Egindako lanarekin kontentu dago Beraza. Evaristo Noveleta 21.a iritsi zen (7:55:48) eta gainontzeko sakandarrek 8 orduak gainditu zituzten. Aipatzearren, Joxeja Maiza 30.a izan zen, Gorka Santesteban 35.a eta Alatz Agirre 94.a. 9 ordutik gora sartu ziren gainontzekoak.

Emakumezkoetan Elena Calvillo gailendu zen (8:23:012), Izaskun Zubizarretaren (8:39:11) eta Leire Martinezen (8:42:54) aurretik. Arantzazu Larrañaga uhartearra 10. emakumea izan zen, lehen sakandarra (10:50:56).

Probaren gogortasunaren isla, 105 korrikalari erretiratu egin ziren, Aritz Munarriz etxarriarra tartean.