Hamaika galdera bultziaren leihotik

Juankar Lopez-Mugartza 2015ko eka. 12a, 08:24

Duela hemezortzi urte, Hendaia-Bartzelona ibilbidea egiten ari zen trena errailetik atera zen Uharte-Arakiletik igarotzen ari zenean. Trena bidaiariz beteta zegoen, 250 lagun inguru; horietatik (hau ere gutxi gorabehera) ehuneko hamarra hil eta herena zaurituta suertatu zen. Istripu larri hau gogora ekarri genuen berriro, Santiagokoa gertatu zenean; hura ere izugarrizkoa izan zen, ahaztezina.

Nire aldetik, gogoratzen naiz txikitan Altsasura bidean gure trena errailetik atera zela zehazki non ez dakidala. Ez naiz lekuaz gogoratzen oso gaztea bainintzen, hamar urte baino gutxiago izanen nituen, baina Zuasti aldean izan zela esango nuke. Ez zen istripu larririk gertatu, inor ere ez zen kalteturik atera, baina trenetik irten eta hantxe ibili ginen zer egin jakin gabe, belardi batean gora eta behera, edota lurrean jarrita autobus bat gure bila etorri zen arte.

Orain, urte asko pasa diren honetan, trenaren irudia etorri zait berriz ere indarrez burura Nafarroako egoera politiko berria ikustean. Izan ere, argi dago eskuinaren trena errailetik atera dela eta dena ez dela berdin izango hemendik aurrera. Oraindik ez dira ongi jabetu hondamendiaren tamainaz eta haien kuartel generaletan hauxe galdetzen ari dira etengabe: Istripu larria izan da edo autobusa etorriko da garaiz laguntza ematera?

Gure aldetik, ordea, oraindik ez dakigu ea gertatu dena egia den edo ez. Ametsa egia bilakatu da eta oraindik ezin sinetsiz gabiltza. Esnatuko ote gara eta dinosauroa oraindik egongo ote da han? Augusto Monterrosok gure loaldi goxotik atera eta errealitatearen mundura ekarriko gaitu berriz ere?

Dinosauroa gure akatsen eta hanka sartzeen zain dago, berriz ere agertzeko. Ohatze azpian dago.

Gu, berriz, gure amets honetan Olentzerori gutunak idazten ematen dugu gaua eta eguna, gabonak izan gabe: ikurriña gure udaletxeetako balkoietan legalki ikusi nahi dugu; sinboloen legea alda dadila; Olentzero buru handiak euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora heda dezala uda beroan; Euskalerria Irratiari lizentzia eman dakiola; Euskal Herriko gainerako lurraldeekin harreman instituzionalak izan ditzagula; Euskal Telebista oztoporik gabe ikusteko aukera izan dezagula…

Gure ametsak tren baten bagoiak bezalakoak dira eta amets horietatik bultza egiten duen bultziaren makina, Nafarroako egoera politiko berria.

Batuko gara guztiok? Jakingo dugu gure ezberdintasunak alde batera uzten? Zenbat aldiz joka ibili gara gure artean? Gogoratzen duzue gaztetan abesten genuen Benitoren kanta hura? “Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Zer egin degu? Ezer ez. Zer egiten dugu? Alkar jo. Zer egingo dugu? Alkar hil?” Jakingo dugu gure trena (Lizardik “bultzia” deitu zuena) errailetan mantentzen eta indartsuagoa egiten? Edo kale egingo dugu berriz ere?