Zikloa itxita, Sakanako Konposta etxean

Guaixe 2015ko eka. 12a, 07:50

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko langileak aste honetan hasi dira auzo-konpostagailua erabiltzen duten sakandarren artean konposta banatzen. Harrera ona izan du konpostak sakandarren artean.

Sakanako Konposta pegatina duten 20 kiloko zakuak banatzen ari dira Hondakin Zerbitzuko hezitzaileak herriz herri. Zakuen karga dela eta, batzuk autoarekin eta besteak erosketetarako gurdiarekin joan dira. Auzo-konpostagailuak erabiltzen ari diren sakandarrek dute euren konpost zakua hartzeko aukera. Euren herrietan jasotzerik ez dutenek edo txanda pasa zaienei, herri guztietako banaketa bukatu ondoren, Arbizuko hondakindegian jasotzeko aukera izanen dute. Udalendako ere izanen da, herrietako berdeguneetan erabil dezaten.

Mank-eko hezitzaile Beñat Agirre Bengoetxeak esan digunez, bai haiek bai herritarrek konposta banatzeko gogoa zuten. “Haiek egindako ahaleginak saria duela ikusteak jendea pozten du”. Kostatu bada, Agirrek zehaztu digu, “lehen konpost txanda egitea gehiago kostatzen delako da”. Kalitate nahiko oneko konposta da banatzen ari direna. Hala diote laborategietan egindako azterketek: “ez dago inolako arazorik, kalitatezko neurgailu guztiek oso adierazle onak izan dituzte.

Beraz, baratzerako, berdeguneetan eta lorontzietan erabili daiteke”. Aurreko bietan zuzenean erabili daiteke Sakanako Konposta. Baina lorontzietan hiru zati lur eta zati bat konpost nahastea aholkatu dute hezitzaileak, “bestela landarea erreko litzateke. Lur itxura badu ere, ongarri modukoa da”.

Prozesua
Zakuetan doana 2013ko gariletik abendura arte eta 2014ko zati batean jasotako materia organikoarekin egindakoa da. Mank-en hasierako asmoa zen konposta ontzeko prozesu guztia auzo-konpostagailuetan egitea. “Baina zorionez konposta egiteko guk uste genuena baino jende gehiagok izena eman duenez, auzo-konpostagailuen gaitasunarekin arazotxo batzuk izaten ari gara. Lehen txandari gehiago kostatzen zaionez, konposta bukatu gabe atera genuen eta Arbizuko hondakindegian bukatu zen prozesua”. Sei hilabete edo urte bat egon daiteke han eta hura despeditzean ontzen da. Ondoren, laginak laborategietara bidaltzen dira eta konpostak ezer okerrik ez duela ziurtatzeko. Horren ondoren zakuetan sartu, txukun jarri eta banatzen hasi dira.

Jendeak auzo-konpostagailuen zer nolako erabilera egiten duen galdetuta, Agirrek esan digu, gero eta hobea dela. Zerbitzuko beste langile batzuk egiten dute jarraipena orain, baina hezitzaileek hasieran ikusi zuten kosta egiten zitzaiola jendeari. “Batzuk ez zuten ongi ulertu, beste batzuk nahita erabilera okerra egiten zuten. Baina pixkanaka egoera dexente hobetzen ari dela ikusten dugu. Auzo-konpostagailu batean zerbait gaizki dagoela ikusten badugu erabiltzaileekin hitz egin eta nola egin behar den azaltzen diegu. Ezjakintasunagatik edo gaizki ulertuengatik egin daiteke”.

Hasieran duda zuten materia organikoaren artean zeuden gauza batzuk konpostari nola eraginen zion. “Baina emaitzek ez dute halakorik azaldu. Hobetu daiteke, baina bide onean doa”.

Irurtzun
Auzo-konpostagailuak erabiltzen azkenak irurtzundarrak izan dira. 100 familiak euren borondatez eman dute izena auzo-konposta egiteko eta borondate onarekin egiten dute. “Guk egunero bisitatzen ditugu auzo-konpostagailuak. Baina Irurtzungo kasuan, boluntarioak dira, guk gutxieneko jarraipena egiten dugu, tenperatura eta beste kontrolatzeko. Baina gero gauza desegokiak ateratzea eta bueltak ematea Irurtzungo boluntarioen esku dago”, azaldu digu Agirrek. Eta gaineratu du: “oso pozik gaude, inplikazio gehiago ikusten delako. Eredu hori pixkanaka beste herrietara zabaltzea espero dugu”.

Altsasu
Bi auzo-konpstagailu jarri dira, baina egin beharreko lan guztiak aste honetan edo hurrengoan despedituko dira. “Dena perfektu zegoela hasi nahi genuen”. Zerbitzuan aztertzen ari dira Altsasun bizpahiru aste barru hasi edo uda ondorenerako uztea: “altsasuarrak hasteko gogoz daude, baina uda garaian arazoak sortuko diren edo ez ez dakigunez, haiekin hitz egin nahi dugu”.

Egutegia            
Herria         Lekua              Eguna           Data              Ordua
Bakaiku      Plazan              Ostirala         Ekainak 12    11:00-13:00
Etxarri A.    Estalopean        Astelehena    Ekainak 15    11:00-13:00
Arbizu        Plazan               Asteartea      Ekainak 16    11:00-13:00
Lakuntza    Plazan               Asteazkena    Ekainak 17    11:00-13:00
Uharte A.   Udaletxe ondoan Osteguna      Ekainak 18    11:00-13:00