Sanferminetako ardoaren desafioa Asegarcerendako

Guaixe 2015ko uzt. 14a, 15:08

Jokatutako 3 partidetatik 2 Asegarcek irabazi zituen. Retegi Bik eta Zubietak ezin izan zituzten Urrutikoetxea eta Aretxabaleta menpean hartu

Atzo jokatu zen Sanferminetako ardoaren desafioa, Marco Real upategiaren desafioa. Aspe eta Asegarceren arteko lehia izan zen, hiru partidatan. Horietako bitan Asegarcce gailendu zen eta bakarra irabazi zuen Aspek. Hortaz, jokoan zeuden Marco Real upategietako 1.200 ardo botila Asegarcek irabazi ditu.

Lehen partidan, buruz buru, Jaunarenak (Aspe) Arretxe II menpean hartu zuen sekulako partidan, 20-22 irabaziz. Aldiz, binakakoan Urrutikoetxea eta Aretxabaletak ez zieten inolako aukerarik eman Retegi Biri eta Aitor Zubietari eta Asegarcekoek 7 tantotan utzi zituzten Aspekoak. Eta, bukatzeko, promozioko lau t´erdian Irribarriak ezin izan zuen Victor menpean hartu eta Aspekoak 22-18 galdu zuen.

Gaur Ezkurdia
Gaur, 17:00etan, Sanferminetako Torneoko final handia jokatuko da. Irujok eta Barriolak Berasaluze II.a eta Albisu izanen dituzte aurkari. Baina finala zabaltzen duen jaialdian Joseba Ezkurdia lanean ikusteko aukera izango dugu. Ceciliorekin osatuko du bikoa arbizuarrak Arretxe II eta Apraizen kontra aritzeko.