Hondakin kudeaketa gogoz

Guaixe 2015ko ira. 10a, 15:09

Uda-ikastaroan parte hartu duten teknikari eta arduradunek jasotakoa eta Europako Batasunetik datorren araudia uztartzeko bitartekoak jaso dituzte.

Altsasuk asteartean eta asteazkenean hartu duen ikastaroaren balorazio “ezin hobea” egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) nekazaritza ekoizpeneko irakasle Natxo Irigoien Iriarte antolatzaileak. Ekonomia zirkularraren sozio-ekonomia eta ingurumen aukerak hondakinen kudeaketari eta materia organikoari aplikatuta uda-ikastaroa “oso parte-hartzailea izan da eta proposamen ugari sortu dira. Entzundakoa praktikan jartzeko gogoekin gelditu da jendea”.

Isabel Elizalde Arretxea Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilaria bertan zela mustu zen ikastaroa. Hartan parte hartu duten pertsonek hondakinen kudeaketan Italia, Katalunia, Galizia eta Nafarroan garatutako esperientzien berri jaso dute. Horrekin batera, hondakinen kudeaketak sortzen dituen ingurumen eta sozio-ekonomia aukeren berri jaso dute ere. Urte akaberarako Europar Batasunak hondakinen gaikako bilketa %75ekoa izatea eskatuko duela gogorarazi digu NUPeko irakasleak.

Aukerak
Irigoienek nabarmendu duenez, ikastaroan izan ziren “arduradun politikoendako aberasgarria izan da. Europatik heldu diren arauak indarrean jartzeko abiapuntua izanen da”. Esan digunez, “ekonomia zirkularra pil-pilean dagoen gaia da” eta, horregatik, sortu du uda-ikastaroak halako interesa, azaldu digu Irigoienek; eta gaineratu duenez: “aukera asko ditu eta asko entzunen dugu honetaz hitz egiten”.

Bi egunetan zehaztutako ondorioetako bat ingurumen eta gizarte politiken arteko uztartzea izan da. Kanpotik etorritakoak Nafarroako Emausko Traperoen jardunarekin harrituta gelditu ziren. Bi arlo horiek uztartzeko aukera bat aipatu digu Irigoienek: “Nafarroan administrazio publikoak obra eta zerbitzuen kontratuen %6 ekonomia sozialeko entitateekin egin beharra du. Gaur egun %2 besterik ez da. Horretan sakontzeak interes sozialeko proiektuak aurrera atera eta ingurumenean eragin egokia ekarriko luke”.

Sakana & Europa
Parte-hartzaileek Sakanan egiten den hondakinen kudeaketa sistema ezagutzeko aukera izan dute. Haietako 45ek, esaterako, Irurtzungo auzo-konpostagailuen martxa nolakoa den hura kudeatzen duen boluntario baten bidez ezagutu zuten atzo. Irigoienek azaldu digunez, “Sakanaren kudeaketa eredugarria da eta Europan lekurik aurreratuenetan dutenaren parean dago”. Ibarrean ezarritako hondakin sistema Europan “oso zabaldua” dagoela jakinarazi digu: “Katalunian 700.000 pertsona ari dira horrela eta Italian 20 milioi”.

Hala ere, NUPeko irakasleak halako kudeaketa eredugarriak bultzatzeko Nafarroan neurri fiskalak eta planak falta direla gaineratu digu. Aurrera begira egiteko hori eta “gizarte eta ingurumen politiken arteko sinergiak landu eta jorratu behar dira”.


Ondorioak
Nafarroako Hiri Hondakinen Plan Integral berria prestatzen hasia da Nafarroako Gobernua eta Altsasuko uda-ikastaroko itxieran adostutako 10 ondorioak hari helaraziko zaizkio planaren garapenean kontuan izan ditzan. Planaz arduratzen den departamentuko Ingurumen Kalitateko buru Pedro Zuazo ondorioak adostu ziren eztabaidan izan zen eta kontseilariak berak ondorioak bidaltzeko eskatu zien antolatzaileei.

1.    Toki berrikuntza eta garapenerako elementu gisa ekonomia zirkularraren gizarte aukerak baliatzeko beharra.
2.    Gizarte eta ingurumen politikak integratu haien arteko sinergiak baliatzeko eta hondakinei buruzko planei eta programei ikuspegi globala emateko.
3.    Kudeaketa eta gauzatze politiketan herritarren parte hartzea sustatu. Ingurumen-hezkuntzaren aldeko apustua egin eta gizarte aldearekin lotu.
4.    Hondakinen kudeaketaren arlo ezberdinetan ari direnen arteko sinergiak sortu.
5.    Hondakinen kudeaketaren gakoetako bat prebentzioa eta hierarkia betetzea da.
6.    Ekonomia linealak ingurumen kostuak bere egiteko beharra.
7.    Ekonomia zirkularra sustatu eta ekonomia linealari pizgarria kentzeko kanonak, pizgarriak, tasa justuak eta bestelako tresna fiskalak izatea.
8.    Epe luzeko eta epe zehatzak dituzten helburu argiak dituen lidergo eta adostasun politiko baten beharra.
9.    Lurraldearen beharrei eta errealitateei egokitutako planta txiki eta xumeen moduko tresna berriak aztertzeko interesa.
10.    Proposatutako politikak eta programak gauzatzeko giza- eta ekonomia-baliabideen aldeko apustua egin.


125 parte-hartzaile
“Kanpoko parte-hartzaile gehien izan duen uda-ikastaroa izan da. Besteetan oso azpitik ibiltzen da. Erantzunarekin oso pozik gaude. Kopuru handiagoa izan dezakeen baten bat egonen da, baina ikasleen parte hartzeagatik izaten da”. Hala adierazi zigun antolakuntzan aritu den Irigoien. Parte-hartzaileen profila teknikoa izan da, “Mankomunitateetan edo udaletan lan egiten duen jendea. Horrek uda-ikastaroari bozgorailu eragin handiagoa ematen dio”.

Ikastaroko parte-hartzaile gehienak, 45, Pontevedratik etorri dira. Hango diputazio, mankomunitate eta udaletako kideak eta teknikariak dira eta diputazioak finantzatu die bidaia. Haiekin batera Madril, Katalunia, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mankomunitate guztietako ordezkariak izan dira uda-ikastaroan. “Datengatik ezin etorri gelditu direnen deiak jaso ditugu” gaineratu du Irigoienek, ikastaroak sortutako interesa azpimarratzeko.


NUP Telebista
Uda-ikastaroko hitzaldi guztiak grabatu egin dituzte eta aurki NUPen web orrian ikusgai eta deskargatzeko moduan jarriko dituzte, UPNA TV atalean.