Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burundi, Barranka eta Aralar Txirrindularitza Kluben laguntzarekin, eta hainbat babeslerekin -Irurtzun eta Ziordiko Udalak eta Nafarroako Gobernua- XXII. Sakanako Bizikleta Eguna antolatu dute irailaren 27rako. Dagoeneko 22. edizioa beteko du proba ez lehiakorra denak, eta betiko moduan “Sakana bizikletaz ezagutzen” leloa izango du.
Ostiralean egin zuten probaren aurkezpena Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Barranka Txirrindula Taldeko Alberto Ocañak eta Burunda Txirrindularitza Klubeko Gorka Mintegik. Sakanan txirrindularitzarako zaletasun handia dagoela azpimarratu zuten. Txirrindularitza egunaren helburuak betikoak zirela azaldu zuen kirol teknikariak. “Eskualdean txirrindularitza bulkatzea, goiz polita pasatzea proba ez lehiakor honetan, Sakanako gure herriak, kaleak, zubiak, ermitak, landaretza, basoak… bizikletaz ezagutzea, 41 kilometro lasaietan, eta bide batez, Sakanako herri ezberdinetako eta adin ezberdinetako jendearen arteko harremanak bulkatzea” adierazi du teknikariak. Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzeko gonbitea inguruneko eskualdeei luzatu nahi diete, Iruñerrikoei, arabarrei eta gipuzkoarrei.
Ziordia eta Irurtzun lotu (41,3 km)
Ziorditik abiatuko da martxa, goizeko 9:00etan. Pistetatik ibiliko dira gehienbat, eta Lakuntzan geratuko dira atseden hartzera. “Bokata norberak eraman beharko du eta antolakuntzak freskagarria eskainiko du” gaineratu du Gerrikagoitiak. Hamaiketakoaren ondotik, atzera ere txirrindula hartu eta Irurtzunera abiatuko dira. Hiriberritik Satrustegirantz joko dute, Zuhatzu pasa eta Ekain sartu gabe Etxarrenera heltzeko. Etxarrendik sartuko dira Irurtzunera. Sakanako Bizikleta Egunak 41,3 km izanen ditu,.
Irailak 21, izena emateko azken eguna
Parte hartzea librea da eta doan, baina antolakuntzak autobus zerbitzua jartzen du txirrindulariak euren herrietan jaso eta Irurtzunera eramateko -goizeko 8:00etan aterako da Irurtzundik-, eta proba bukatuta, atzera ere txirrindulariak etxera eramateko. Bizikletak emateko kamioia egoten da ere. “Zerbitzu hauek erabiltzeko aurretik izena eman behar da. Irailaren 21a da azken eguna. Herri guztietan izena emateko tokiak jarri ditugu, baina, bestela, Mank-eko kirol zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866). 10 urtetik gorakoek eman dezakete izena eta baita txikiagoak direnak ere, kasu honetan adinez nagusikoen laguntza dutela.
Bizikleta puntuan jartzea, inportantea
Bizikleta Egunean parte hartu baino lehen txirrindula puntuan jartzea aholkatu dute antolatzaileek. “Egunean mekanikaria egoten da, baina egunean bertan gertatutako zulaketa edo matxurak konpontzeko, ez bizikletak puntuan jartzeko” nabarmendu dute. Halaber, parte hartzaile guztiek kaskoa eta ogitartekoa eraman beharko dituzte. Antolakuntzak zehaztutako ibilbidea jarraitzeko deia egiten zaie txirrindulari guztiei, “segurtasuna bermatzeko”.
Bukatzeko, Sakanako bizikletaren festan parte hartzera animatu dituzte sakandarrak, “egun oso polita” delako.