Bere herria nekez uzten du…

Enarek hotza dakarte. Izokinek ibaietako ura baino, nahiago izaten dute itsasoko ur gazia arraultzak erruteko. Zikoina zuriak Europa erdialdea atzean uzten du Afrika tropikala zerumugan. Berotasunak, babesak, elikadurak edota ugaltzeak abizen berdina dute: Beharra. Eta beharrak mugiarazten du animalia batetik bestera. Orain hemen eta bihar han. Hegaldia luzea eta gogorra izango da, baina funtsezkoa biziraun nahi bada. Hori badaki benarriz arruntak, eta bere 11cm-ak nahikoa ditu abiadura biziz milaka kilometro egiteko.
Eta benarrizak bezala, gizakiak ere jakin badaki. Badaki atzean utzi duen herriaren usainaz, hilotz kiratsaz. Badaki hegazkinetik botatako lehergailuak lurrarekin talka egin aurretik  egiten duen soinuaz. Badaki plater bi lez irekiak, ezin itxi, geratu diren begiek ikusi dutenaz. Badaki etxekoaz testigu izan diren horma erorien agurraz. Badaki baita ere, jasotako hautsak ez diola arnasten utziko; ezingo duela gehiago argirik ikusi. Badaki bere niniak ez duela negar egitez utziko, eta berak, aldiz, ezin izango duela inoiz gehiago negar egin, ez oihu, ez hitz. Gizakiak badaki. Eta horregatik, benarrizak bezala, beharra soinean, abiatzen da.

Bidaia arriskutsua da gizakiarendako, irentsi dezakeen Itsaso bat dagoelako; korapila dezaketen hesiak; ukiezinak diren harresiak… Baina bada okerragorik: ukazioaren begirada bortitza da; hotza; krudela. Begirada horrekin gurutzatuz gero izoztu egiten da gizakia, eta pauso geldoko gorpu batek egingo du bidaiaren azken txanpa. Ez da inoiz bere herria atzean utzi zuen pertsona hura izango iritsiko dena. Horretan bai, horretan desberdina da gizakia eta benarriz arrunta.