CPVk ez du hondakinen balorizazio proiektuarekin segituko

Guaixe 2015ko ira. 17a, 14:21

CPVtik jakinarazi dutenez, ez dute dirurik izan proiektuak aurreikusitako lanak egiteko, besteak beste: hondakinendako biltegia, 7. eta 8. labeetarako garraio zintak. Enpresatik gogorarazi dutenez, azken urteetan salmenta jaitsiera handia izan dute. Aurten, labe bakarrarekin, 325.000 tona porlan ekoiztea aurreikusten dute. Aurreko urtearekin alderatuta fakturazioa %10-15 arteko jaitsiera da hori. Horregatik guztiagatik enpresak ez zuen proiektua gauzatu eta aurreratu duenez, ez du helegiterik aurkeztuko. CPVk baimen berria eskatu dezake eta Nafarroako Gobernu berriaren eskumena da hura onartzea edo ez.

Bestalde, Sustrai Erakuntza fundazioak baimena iraungitzat jotzeko eskaera onartzeagatik Nafarroako Gobernua zoriondu du. Fundazioko kideen iritziz gobernuak ez luke baimendu beharko Olatzagutiko porlandegian hondakinak erraustea. “Are gutxiago Nafarroako Hiri Hondakin Plan Integratua eztabaidatzen ari den bitartean”. Aldi berean, gogorarazi du “herritarrak hondakindegirik eta errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa moderno baten alde” dagoela gaztigatu du.


Kronologia laburra
1998 Olatzagutiko Udalak errausketak debekatzen zuen araudia onartu zuen.

2012-06-13 Gobernuak eta Portlanden arteko hitzarmena, zabortegira doazen eta
birziklatzeko ez diren hondakinen zati bat erregai moduan erabil zitezen Olatzagutiko fabrikan.

2012-07-04 Gobernuak proiektua aurrera eramateko UGPS izendatzea erabaki zuen.

2012-12-19 Portlandek behar zuen integratutako ingurumeneko baimen berria UGPSren
barnean sartzeko izapideei ekin zien Gobernuak.

2013-01-16 Nafarroako Gobernuak 36 alegazio atzera bota eta, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial baten bidez, CPVri Olatzagutian 55.000 tona hondakin erretzeko baimena eman zion.

2013-01-17 3 Mugak Batera plataformak gobernuaren inposizioa eta zentzugabekeria salatu zituen.

2013-03-16 Altsasun milaka pertsona erraustegiaren aurkako manifestazioan.

2013-03-19 Mank-ek gobernuaren erabakiari helegitea aurkeztea erabaki zuen.

2013-05-23 Nafarroako Gobernuak Porlandegiak balioztatzeko egin beharreko lanak, interes orokorrekoak

2013-06-01 Errausketak sor ditzakeen gaitz bakoitzeko ohe bana jarri zuen 3MBk Nafarroako Parlamentu aurrean, 100 guztira.

2013-06-12 Egitasmoak eragindako eskualdeetako guraso talde batek Nafarroako Gobernua Estatuko Fiskal Nagusiaren aurrean salatu zuen eta sinadura bilketari ekin zion.

2013-06-25 Errausketa proiektuaren lanen interes orokorreko izendapenari  helegitea aurkeztu zion 3MBk.

2013-08-22 CPVk ingurumen baimen integratu berria jaso zuen, 2017ko martxoaren 26ra arte zementua fabrikatzeko eta magnesio-oxidoa eta dolomia sinterizatua produzitzeko.

2014-10-11 Errausketak eragindako gaitzengatik kanpaina ospitalea irudikatu zuen 3MBk Altsasun.

2015-06-24 Sustrai Erakuntza fundazioak baimena baliogabetzea eskatu zion Nafarroako Gobernuari.

2015-07-02 Nafarroako Gobernu berriaren programako neurriak onartuak. Olatzagutiko porlandegiak hondakinak errausteko duen baimenaren egoera juridikoa aztertuko zela adostu zuten lau alderdiek.

2015-09-16 Nafarroako Gobernuak CPVri emandako baimena iraungitzat jo zuen.