Postmodern Jukebox

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Viñas 2015ko urr. 16a, 08:00

Gaurkoan 1920ko New Yorkera bidaia egiteko gonbidapena egiten dizuet, baina ez gara hortxe geratuko, denboran zehar bidaiatzen jarraituko dugu, eta bertatik hamarkada guztietatik pasatuta 1970eraino iritsiko gara gaur aurkeztuko dizuedan talde berezi honekin.

Erraza da gaur eguneko abestiak denboran galduko direla esaten duen jendea aurkeztea, baina zergatik irauten dute abesti batzuek hainbeste hamarkada, eta zergatik gaur ere abesti ederrak direla esaten dugu? Dena egin eta urte gutxitara galtzeko egiten den aro batean, nola sor daitezke ahaztezinak izango diren abestiak?

Galdera horri Scott Braddle emandako erantzuna da talde hau, abestia produktu bihurtu baino Scottek abestiak duen indarrean eta estiloan jarri du arreta, eta horrela, gaur egungo abestiei buelta eman die. Berridatzi egin ditu modan egondako abesti asko eta honekin bizi berri eta askoz itxura hobea eman die.

Askotan esan da, eta egia da, entzuten diren abesti gehienak 4 akorde besterik erabiltzen ez dituztela. Zaila da 4 akorde horiekin zerbait ezberdina egitea. Horregatik Scottek hori ahaztu eta pianoa, tronpeta, tronboia, saxofoia, txeloa eta bateria erabiltzen ditu abesti hauei guztiz ezberdina den izaera emateko.

Errazagoa da abesti hauek entzutea autore honek zer egin duen azaltzea baino, horretarako, eta berriro ere, Youtube tresna paregabea egingo zaigu interneten bidez abesti “zahar-berri” hauek ezagutzeko. “Zahar-berri” diot gaur egun egindako abestiak direlako, baina ahaztuta dauden estilotan jotzen direlako, eta beste alde batetik, gaur egungo abestiak azkar zahartzen direlako eta hauekin bizi berri bat ematen dielako.

Abestiak ezagutzeko haien Youtube-ko kanalean bilatzea nahikoa da. Kanalak, taldea bezala, “PostmodernJukebox” izena dauka, eta bertan aurki dezakegu, adibidez, The white stripesen “Seven nation army”, 2003an kaleratutako abestia, baina oraingoan New Orleanseko vintage estiloan jota, edo, 1997-an Celine Dionek kaleratutako “My heart will go on” abestia 1950eko estiloan jota.

Guztiz gomendagarria da talde hau gaurko musika komertziala entzuteaz aspertuta dagoen norbaitendako. Beraz, ez ahaztu eta haien Youtubeko kanaletik pasa musikaren mundu “berri-zahar” horretaz berriro ere jabetzeko.