Egin, egon

Izaskun Andueza Imirizaldu 2015ko aza. 13a, 08:00

Morfologikoki hain txikia den tarte hori, gezurra dirudi horren desberdina izatea semantikoki.

“Egon, egonin” zioen nire lagun baztandar batek unibertsitate garaian lanak egitera elkartu eta egin beharrekoak egin ordez, tartarrean aritzen ginenean.

Geroz eta gutxiago dira ekintza amorratu honetatik harago egonean egoteko ditugun momentuak. Kafea ere sartu diogu tartetik plazako bankuan egoteari. Kafea, garagardoa, mugikorra, txiklea, zigarroa, musika, soinua, behatzekin txikitutako kafearen azukrearen papera...sartzen dizkiogu aurrez aurre egoteko momentu gordinei.

Inongo ikerkuntza enpirikotan sartu gabe, nire bizipen eta behaketa hutsetan oinarritutik, egoteak, pixkanaka egitez betetzen joan garela iruditzen zait.

Ez naiz kritikatzen ari, ezta inondik ere, neronek paperezko mantelak txiki-txikituak utzi izan baititut bolatxoak eginda mahai gainean bazkal ondorengo tertulia luzeetan. Behaketa hau aho artera ekarri nahi dut, besterik ez.

Oteizak hutsune existentzial bat dugula zioen. Hutsune horixe izango al da ekintzaz bete ahalean gabiltzana? Hutsunea segur aski egotearekin lotuago dago egitearekin baino, hala hartzen diot susmoa, behintzat.
Urrutiegi joatea izan daiteke kafearen azukrearen sobrea puskatu eta hutsune existentzialista lotzea. Segur asko pasa egin naiz, baina ez dut borratuko, nahiz eta oker egon, izan ere, gustuko dut, oso gustuko gauza txiki eta egunerokoak kontu abstraktu eta sakonekin harremanetan jartzea.

Erleen desagertzeak naturan, gizartean eta munduan izan ditzakeen ondorio imajina ezinak lotzea bezala.