1.GH enpresako langile batzuk Ziburuko Kaskarotenea ikastolan aterpe bat egiteko lanak egin dituzue, auzolanean.
Bai, aterpea egiteko prozesu guztia egin dugu: beharrezko materiala eskatu, guztia prestatu eta asteburu batean bertara joan eta muntaketa egin.
2.Baina Kaskarotenea ikastolarekiko elkartasuna lehendik hasi zen. Aurretik diru bilketa egin zenuten lantegian.
2014an Ziburuko lehengoko ikastolaren egoera gogorra zen. Ikasleak udaletxeko eremu batean zeuden, eskola publikoaren ondoan, etxola batzuetan. Ez zuten kanpoan aterperik ez ezer. Gainera, Ziburuko auzapezak ez zien bertan jarraitzeko baimenik ematen. Argindarra kentzeaz gain, egunero 100 euroko isuna jarri zieten. LAB sindikatuak enpresetan diru-bilketak abiarazi zituen orduan, Ziburuko ikastolari laguntza emateko. Guerra Hermanos (GH Guema eta GH Mecalsa), Aceros Moldeados, Magotteaux eta Sunsundeguin egindako bilketarekin 1.200 euro jaso genituen eta aurtengo ilbeltzean Ziburura joan ginen diru hori ematera.
3.Hortaz, ikastolaren egoera zuen begiekin ikusi zenuten.
Bai, zuzenean ezagutu genuen egoera. 2, 3, 4 eta 6 urteko 14 ikasle zeuden aurreko ikasturtean ikastolan. Orduan beste lursail bat erosteko asmoarekin zebiltzan, eta lursaila ere erakutsi ziguten. Zerbait behar bazuten guk burdinaren gauzekin behar zuten laguntza emateko prest azaldu ginen.
4.Eta dei hori etorri zen, ezta?
Bai. Lursail berrian egin da ikastola berria. Lehengoarekin konparatuta hobea da. Lehen bungalowak ziren, eta orain handiagoak dira, bi mobil home handi. 40-50 ikaslerendako tokia dago eta egun 20 ikasle dira. L itxura egiten dute mobil homeak, eta laukia egiteko hor aterpe bat egitea bururatu zitzaien, kalean estalitako eremua izateko. Deitu ziguten, hiruzpalau aldiz egon ginen eta hori da guk egin duguna, aterpea.
5.Materiala zuek erosi duzue?
Guk esan genion ikastolari materiala zenbat kostatuko zen, 4.500 euro, eta baietz esan ziguten, guk muntaketa egiten bagenuen estaliko zutela. Materiala eskatu genuen, guk pagatu dugu eta aterpea muntatzera azaroaren 6an joan ginen. Lanetik atera, Ziburura joan, muntaketa lanean17:00etan hasi eta 21:00ak arte. Ikastolan bertan guk lo egiteko tokia prestatu ziguten. Larunbatean 7:00etatik 17:00etara aritu ginen lanean, aterpea bukatu arte. Bi familia etorri ziren guri bazkaria prestatzera.
6.Zenbatek parte hartu duzue?
Ostiralean 6 langile joan ginen eta larunbatean beste bat etorri zen. 7 langile aritu gara guztira, gehi materiala kamioiarekin eraman zuena: Jon, Asier, German eta Imanol bakaikuarrak, Xabier, Alberto eta Mikel etxarriarrak eta ni neu. Orain diru bilketa egingo dugu, ea materiala estali dezakegun. Aurreko aldian diru bilketa egin genuenean jendea oso ongi portatu zen, ea orain ere hala den. Horrelako gauzetarako jendeak erantzuten du.
7.Ikastolarekin kolaboratzen jarraitu behar duzue?
Beharra badute gu laguntzeko prest gaude. Gustura ibili ginen. Hango egoera ikusten duzu: 15 famili dira eta 20 haur. Dirutza handian sartu dira. Nola ez duzu lagunduko! Gustura, gainera!
8.Zein aurreikuspen dituzte?
Hemen baino okerrago daude han. Baina zailtasun guztien gainetik haien ilusioa ikustea eta aurrera segitzeko prest daudela ikustea handia da. Aurreko urtean gaizki pasatu zuten baina aurrera atera ziren, eta orain diru mordo batean sartu dira ikastola berriarekin. Baina esan zigutenez, kontentu daude, lauzpabost urtetan 40-50 ikasleren bueltan egotea aurreikusten dute. Orduan ikastetxe handiagoa beharko dute. Egun dauden lursaila txikia da eta ez du ikastola zabaltzeko aukerarik ematen. Beste irtenbide bat bilatu beharko dute.
9.Ilusio hori galdu dugu hemen?
Ezberdina da egoera. Ziburuk 8.000 biztanle ditu eta Donibane Lohitzuneren ondoan dago. Orain arte ez da ikastolarik egon eta ikastolaren hasiera prozesuan daude, hastapenetan. Hemen oraindik ilusioa badugu, baina egoera ezberdina da.
10.Pozik egindako lanarekin?
Gu oso pozik etorri ginen. Telefonoak berriro jotzen badu, suertatzen bada ezin diezu ezetz esan. Ez dute beste aukerarik. Ez balitz modu honetan, han egongo ziren, aterperik gabe. Aurretik ere tokatu izan zaigu laguntzea. Etxarriko ikastola berrirako tokatu zait zerbait egitea, eta hainbat ekimenetarako dirua biltzea ere: Ziburuko ikastolarako, Guaixeren alde…
11.Orain diru bilketa abiatuko duzue, materialaren gastua estaltzen laguntzeko.
Jendea animatu nahiko genuke berehala abiatuko dugun Ziburuko ikastolaren aldeko diru-bilketan ahal duena ematera. Asko edo gutxi, dena ongi etortzen da.
Lanean aritu garen langileek egingo dugu bilketa. Ahal dugun gehiena zabaltzen saiatuko gara. Fabriketan, ezagunekin…. Helburua materialaren 4.500 euroak lortzea da, aterpeak ikastolarendako kosturik ez izateko, baina zaila izango da.