Sakanan ez da langileendako prestakuntza jarraiturik izanen 20 urtetan estreinakoz

Guaixe 2015ko aza. 26a, 12:07

SEEk hainbat eragileri ibarreko langileek Nafarroako gainontzeko aukera berak izan dezaten lan egiteko eskatu diete.

Espainiako Gobernuak aurten langileendako prestakuntza jarraituko funtsak banatzeko metodologia aldatu du, konpetentzia askeko sistema ezarriz. Hartan prestakuntzan aritzen diren enpresa guztiak aurkeztu daitezke. Horren ondorioz, Sakanako Enpresarien Elkartea (SEE) sortu zenetik, 1996tik, estreinakoz aurten ez da langileendako prestakuntza jarraiturik izanen Sakanan. SEEtik azpimarratu dutenez, prestakuntza jarraituko ikastaroak “enpresen lehiakortasuna ziurtatzeko ezinbestekoak dira, eta gehiago izanen dira, teknologiaren eta kudeaketa prozesuen aurrerapenarekin”.

SEEk gaztigatu duenez, legegintzaldi aldaketak ikastaro gehienak Iruñean antolatzea dakar, “langile gehiago daudelako eta taldeak osatzeko langile kopurua osatzea errazago delako”. Prestakuntza enpresek irabazia izateko Sakanan ikastaroak behar bezala antolatzeko beharrezko lanak egiteko prest ez daudela azaldu dute SEEtik. Horregatik, elkarteak “Sakanako langileek Nafarroako gainontzekoen aukera berak izateko beharrezko gestioak egiteko” eskatu die gutun bidez Altsasuko Udalari, Sakanako Mankomunitateari, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaritzari, CENeko zuzendariari, UGTko eta CCOOko idazkari nagusiei eta ELA eta LAB sindikatuei.

Jarduera
Elkartea sortzearekin batera, 1996an ekin zion SEEk langileendako prestakuntza sustatu eta hobetzeko kezka azaldu zuen. 20 urte hauetan egin dituen jardueretako batzuk dira: Lanbide Heziketako prestakuntza mahaian parte hartu, ziklo berriak martxan jartzeko proposamenak, ikastetxeko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin elkartu edo langile eta langabeendako prestakuntza  jarraituko ikastaroak eskaini. SEEk eskainitako kalitatezko prestakuntza jarraituko ikastaroak “antzeko ezaugarriak dituzten eskualdeetan (Mendialdea) ez dira egon”.

SEEko kideek gogorarazi dute ibarrean ikastaroak antolatzea ez dela erraza. “Publizitatea egitea ez da nahikoa ikasleak erakartzeko. Gaiak, data eta irakasle egokienak aukeratu behar dira. Eta, horretarako, egin beharrekoak dira: enpresen beharrak ezagutzeko bisitak, langabetuei elkarrizketak, eskaera gehien izan dezaketen gaiak identifikatu, publizitatea hainbat euskarriren bidez egin… “Lan handia Sakanan prestakuntza jarraitua kudeatu eta antolatzeko”.


SEEren prestakuntza ikastaroei buruzko datuak
540 prestakuntza ikastaro baino gehiago.
4.700 ikasle.
162.372 prestakuntza ordu.
2,5 euroko aurreztea kilometraje, denbora eta abarretan 1996-2014 artean
0,8 eta milioi bat euro artean bideratu dituzte urtero kotizazio bidez Sakanako enpresek (0,7) eta langileek (%0,1).