Olatzagutiko porlandegian hondakinak errausteko egitasmoaren kontra lanean aritu den 3 Mugak Batera Plataformak “pozez” hartu du Nafarroako Gobernuak erregai alternatiboen balorizazioa egiteko zuen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (UPrS) iraungitzat jotzea. Horrekin batera bi eskaera egin dituzte plataformatik. Lehenik, dagokien administrazioek UPrS moduko elementuak “neurrigabe” erabiltzeko aukera mugatzea, “UPrS honek sortu digun estualdia eta ezinegona beste inork pasa ez dezan”.
Horrekin batera, “edozein delarik izendapena, Nafarroatik hondakinen errausketa betiko desagertzeko” lan egiteko deia egin dute plataformako kideek. Aldi berean, Hondakinetatik Eratorritako Erregaiez (HEE) gaztigatu dute: “zaborrekin egindako prestakin horiek ustez hondakin izateari uzten diote erregai bihurtzeko”. 3MBkoek azaldu dutenez, “HEEk gaitasuna duen edozein labetan erre daitezke”. Eta azaldu dutenez, “erregai” horiek beste erkidego edo estatu batetik inportatu litezke. Horregatik guztiagatik, 3MB plataformaren eta beste erakunde batzuen erronka da gaur egun idazten ari diren Nafarroako Hondakinen Planak HEEen ekoizpena eta erretzea ez jasotzea.
3MBk, azkenik, gizarteak azaldutako babesa eskertu du.