Hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpaina ikastetxeetan

Alfredo Alvaro Igoa 2015ko abe. 24a, 12:04
Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak tailerrean. Argazkia: utzitakoa.

Nafarroako Gobernuak sustatu eta Sakanako Mankomunitateak antolatuta, ikastetxetan izan diren tailerren helburua hondakinen prebentzioa eta gaikako bilketa sustatzea izan da.

Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutiako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako 242 ikasle izan dira tailerretan parte hartu dutenak. Ikasleek saioetan hondakinen kudeaketa zuzenaren garrantziari buruzko informazioa jaso dute, modu ludikoan eta, betiere, prebentzioan eta birziklapenean oinarrituta, ingurumenaren babesa hobetzen laguntzeko. Ikasleak sentsibilizatzea hondakinei buruzko legediak jasotzen duen jardueretako bat da. Lege horren helburua hondakinak %10 murriztea da eta %50eko birziklapen-mailak lortu nahi ditu etxeko eta merkataritzako hondakinetan 2020. urterako.

Hondakinei buruzko sentsibilizazio tailer horiek Nafarroako Gobernuak Gestión Ambiental de Navarra (GAN) enpresa publikoaren bidez bulkatu ditu eta Mank-ek antolatu eta babestu ditu. Ekimen hori foru administrazioak hondakinak kudeatzeko sistema integratuekin sinatutako hitzarmenen barnean sartzen da. Honakoak dira sistema horiek: ontzi arinak, papera eta kartoia (Ecoembes); beira-hondakinak (Ecovidrio); eta tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinak, TEEH (Ambilamp, Ecoasimelec, Ecofimática, Ecolec, Ecolum, Ecoraee, Ecotic, Europako Birziklatze Plataforma eta Tragamóvil).