Sakanako enpresek gehien eskatzen dituzten lau lanpostuak identifikatuta

Guaixe 2015ko abe. 24a, 10:44
Lakuntzako industrialdeko ikuspegia.

Merkataritza-teknikaria, teknikari-administraria zerbitzutan, tornulari-fresatzailea eta muntaia-argiketaria eta industria-automatizazio mantendua dira lanpostuak.

Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) ibarreko enpresek gehien eskatutako lanpostuak zein diren identifikatzeko ikerketa egin du. Bi zerbitzuen arloan (merkataritza-teknikaria eta teknikari-administraria zerbitzutan) eta beste bi industrian (tornulari-fresatzailea eta muntaia-argiketaria eta industria-automatizazio mantendua).

SEE jabetu da ibarrean langabezia handia izateaz aparte, bertako enpresek hainbat lanpostu sakandarrekin betetzeko arazoak dituztela. “Desoreka hori” ezabatzeko asmoz elkarteak ikerketa egin du. Horrekin batera, SEEk langileak lanpostu horietarako trebatzeko prestakuntza ibilbideak zehaztu ditu. “Helburua Sakanako langileen gaitasun profesionalak hobetzea da eta, zenbaitetan, langileen ezagutzen eguneratzea, enpresen lehiakortasun gaitasuna handitu eta langabezia jaisteko”. Prestakuntza arautu, ez arautua, gaitasunen hobetzea eta beste jasotzen dira zehaztutako ibilbideetan.

Lastailean hasi ziren ikerketa egiten. Enpresen informazio historikoa, enpresa handienei bisitak, galdetegiak, elkarrizketa pertsonalak eta beste egin dituzte eskaera gehien duten lanpostuak identifikatzeko. Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantziazioarekin.