Madrildik Sakanara hondakin bilketa sistema ezagutzera

Guaixe 2016ko urt. 20a, 09:34
Madrildarrek Sakanako hondakin bilketa sistemaren berri jaso zuten astelehenean.

Buitrago de Lozoyako alkate eta Lozoyako Iparraldeko Mankomunitateko lehendakaria den Angel Martinez (PP), Mariano Juan Perez Picazo teknikaria eta Lozoyako Iparraldeko garapen agentea ibarra bisitatu zuten astelehenean. Sakanako Mankomunitateko ordezkariekin elkartu ziren eta haiek ibarrean martxan jarritako hondakinen gaikako bilketa zertan datzan azaldu zieten. Europako Valorg proiektuaren eta hondakinen kudeaketarako eskola tailerraren berri ere eman zieten.

Bi orduko hitzaldiaren ondoren, madrildarrei hondakinak zintzilikatzeko zutabeak eta Irurtzungo auzo-konpostaguneak erakutsi zizkieten. Bisita Arbizuko hondakindegian despeditu zuten. Sakanako ordezkariek euren kexua ere jakinarazi zieten bisitariei: tokiko administrazioek euren hondakinen kudeaketa proiektuak garatzeko dituzten zailtasunak eta ezarritako tasak zigor ekonomikoa direla, sortutako hondakin kopuruaren arabera pagatzen ez delako.