Enneco egitasmoari buruzko batzar irekia

Guaixe 2016ko urt. 28a, 08:02

Sakandarrei dei egin zaie Etxarri Aranazko kultur etxean gaur, 18:00etan, eginen den batzarrean parte hartzera

 

Enneco: Haritzaren memoria egitasmoa 2012ko abenduan aurkeztu zenetik hiru urte pasa dira. Nafarroa Bizirik fundazioko lehendakari Patxi Abasolok azaldu duenez, “geroztik, etengabe joan da gorpuzten auzolan erraldoi hau”. Joan den urtean “guztion ilusioari eta lanari esker, egitasmoak ongi bete ditu egin beharreko etxerako lan guztiak. Ondorioz, ziurta dezakegu aurten basoaren behin betiko ematea ekarriko digula”. Abasolok aurreratu duenez, egitasmoa gauzatzeko aurten “urrats erabakigarriak” izanen dira.

Memoriaren parkea egitasmoa ibarrean gauzatzen ari denez, proiektuaren sustatzaileak Sakanako eragile guztiekin orain arte emandako urratsak eta aurrera begira ibarrerako eta Nafarroako izanen dituen onurak konpartitu nahi dituzte. Horregatik, Etxarri Aranatzen gaur “proiektu liluragarri bezain ezinbesteko” horri buruzko batzarrean parte hartzera Sakanako eragileak gonbidatu dituzte. Deialdia Nafarroa Bizirik fundazioak, Etxarri Aranazko Udalak, Sakanako Garapen Agentziak eta Cederna-Garalurrek egin dute.