Bardoak 2016

Gure bardo talde bat aurrera

Guaixe 2016ko ots. 8a, 18:58
Bertsolari etxarriarrak gaztetxeko oholtzan.

Nafarroako taldekako bertso ekimenean Etxarri Aranazko Einnekin taldeak egin du aurrera. Lehen parte-hartzea zuen Altsasuko Bota lasairen txanda beste batean izan beharko du.

Etxarri Aranazko gaztetxean jokatutako bertso-merendu saioan lortutako puntuarekin Einnekin taldeak aurrera egin du Bardoak ekimenean. Maider Ansak aurkeztutako saioan Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre eta Jon Arratibel etxarriarrak Barañaingo Barakinak taldeko Ander Perezekin, Lizar Alemanekin, Jon Arrizibitarekin eta Pablo Perezekin bertsotan neurtu ziren. 40 bat bertsozaleren aurrean aritu ziren. Etxarriarrek eskuratu zuten puntua eta bigarren fasera pasatu da taldea, beste bostekin batera.

Etxarriarrak Berako Larungo antenak taldearekin neurtuko da bigarren fasean edo final erdikoetan. Etxarriko bardoekin neurtzeko prest dira Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Jokin Pinatxo bertsolariak. Joan-etorriko bertso saioen ondoren martxoaren 19ko Etxarri Aranazko finalerako hiru taldek eskuratuko dute txartela.

Bota lasai
Altsasuko bertso eskolako taldeak (Aitziber Grados, Idoia Granizo, Ekain Alegre, Josema Leitza eta Aritz Goikoetxea) aurreneko parte-hartzea zuen Nafarroako taldekako bertso ekimenean. Etxeko saioa irabazi bazuen ere ezin izan du lehiaketan aurrera egin. Hala ere, bertsolari altsasuarrek plaza berrietan kantatzeko aukera izan dute.