Lau urteetarako lan ildoak zehazten

Guaixe 2016ko ots. 19a, 08:19

Otsailaren 2an izandako lan bilera. Argazkia: Nerea Mazkiaran.

Horretan ari dira Sakana Lanbide Heziketa institutuan, 2016-2020 plan estrategikoa egiten.

Aurreko ikasturtea bukatzearekin batera, Sakana Lanbide Heziketa institutuaren plan estrategikoaren indarraldia bukatu zen. Orduz geroztik ikastetxeko komunitatea hurrengo lau urteetako lan ildoak zehaztuko dituen plan estrategiko bat zehazten ari da. Plan estrategikoa apirilerako despeditua izan nahiko lukete. “Plana heldu den ikasturte hasieran indarrean sartzea nahi genuke, 2016ko irailetik 2020ko irailera arteko indarraldia izanen du”.

Ignacio Urbitarte Cabrera zuzendariak azaldu digunez, aurrekoa etxe barruan egosi zuten eta oraingoa parte hartzearen bidez ontzen ari dira. “Gure misioa da, inguruan ditugun eskaerei erantzunez, ikastetxean dauden pertsonak profesional arloan trebatzea eta haien lan merkaturako sartzea erraztea”. Urbitartek gaineratu duenez, “Lanbide Heziketa ikastetxea garen heinean eskualdearekin harremana izan behar dugu. Horregatik, guk egiten ditugunak beste batzuei eragiten diete. Interes talde horiengandik informazioa jaso nahi dugu. Bakoitzak zer behar edo aukera ikusten dituen azaltzea nahi dugu”. Ikuspuntu ezberdin horiekin helburu egingarriak zehaztu nahi dituzte, lau urteetan aurrera egin ahal izateko.

Sakanako Plan Estrategikoarekin lotura zuzena izanen du planak. Urbitartek gogorarazi duenez, “han jasoa dago Lanbide Heziketa institutua informazio erreferentea izan behar duela. Hori lortzeko plan estrategikoan zein bide edo zein ekintza egin behar ditugun zehaztu nahi dugu”.

Interes taldeak
Ikasleen jatorrizko ikastetxeak, eskualdeko enpresak, erakundeak, ikasle ohiak (prestakuntza jarraitua eman diezaiekegu) eta ikastetxea (irakasleak, ikasleak eta zerbitzuetako langileak) zerrendatu dizkigu zuzendariak. “Guztiekin lan bilerak egin nahi ditugu eta AMIA analisiak egin, hau da, ikastetxearen aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahuleziak zehaztea”.

Ikastetxekoak eginak dituzte dagoeneko. Otsailaren 2an erakundeetako ordezkariekin bilera egin zuten institutuan bertan. Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Hezkuntza Departamentua, Altsasuko Udala eta enpresarien ordezkariak izan ziren bilera hartan AMIA osatzen. DBH duten ibarreko ikastetxeekin eta ikasle ohiekin biltzea falta zaie. Azken horiekin zailagoa suertatzen zaie: “batzuekin harremanetan jarri gara, baina lanean daude, modua eta data opatu behar da”. Bestalde, plana modu parte-hartzailean egiteak ikastetxez aparteko eragileekin harremana mantentzen eta estutzen laguntzen die.

Planaren zergatiaz galdetuta, Urbitartek azaldu digunez, plan estrategikoaren premia institutuan bertan sortu zen. “Kalitate sare batean gaude. Azken auditoria pasa dugu eta aurki bikaintasunaren aitortza emanen digute. Ikastetxeak misio bat eta balio batzuk dituen moduan, gure kalitate sistemaren barruan plan estrategiko baten beharra jasoa dugu”. Kalitatearen kudeaketaren kultura barneratua dute. Horregatik, aurretik plan estrategiko bat egina zuten.

Hezkuntza Departamentuak planaren sorreran laguntzen duen galdetuta, Urbitartek baietz dio: “ikastetxeei ematen dien autonomia horren barruan plan estrategikoa egin dezakezu. Baina gauza asko departamentuarekin lerrokatuta doaz. Ildo estrategiko batzuk indarrean jartzeko departamentuaren laguntza ezinbestekoa da”. Trebakuntza ildo berriak daude Sakana LH institutuan eta horiek Hezkuntza Departamentuagatik jarri direla azaldu du zuzendariak.  

Lehen planaren balorazioa
Aurreko ikasturtean egin zen. “Dozena bat helburu zehaztu bagenituen zazpi bat lortu genituen. Gainontzekoak gure eskumenetatik kanpo zeuden eta ez genituen lortu”. Gauzatze mailarekin pozik daude institutuan. Ikasle kopuruan haztea, ikasketa eskaintza zabaltzea… dira lortutako helburuetako batzuk. Bide horretan segitu nahi dute plan estrategiko berriarekin, “hori eskatzen digutelako”.


Eskaintza
Merkataritza Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH). OHLkoak bi ikasturteko ikasketak dira. Ikasturte honetako eskaintza berria da eta dozena bat ikasle daude. “Denda edo industria biltegietarako irteera eskain dezake eta eskualderako baliagarria dela uste dugu”. Zuzendariak zehaztu duenez, “DBHko titulua ez dutenendako LOMCE legeak sortu dituen ikasketak dira”.

Gradu ertaineko ikasketetan soldadura eta galdaragintza eta mantenu elektromekaniko ikasketak egin daitezke Sakana LH institutuan. Goi graduari dagokionez, industria-mekatronika (lehengo industria mantenua). Eta Mendi ertaineko erregimen bereziko kirol ikasketetako lehen eta bigarren nibelak. Aurreko ikasturtean aurreneko promozioa atera zen institututik. “Azken ikasketa horrek harrera ona du eta eskaera handia dago”.

Profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko ikasketak ere eskaintzen dira institutuan. “Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean xirbil-harroketa bidezko mekanizazioa eskaini izan dugu. Orain arte urtero prestakuntza modulu bat eskaintzen ari ginen, ibilbidea osatu arte. Martxo erdialdetik aurrera aurrekoari industria arloko mantenu eta muntaia profesionaltasun ziurtagiria lortzeko ikasketak gehituko zaizkio. “Osorik eskainiko ditugu”. Langabetuendako ikasketak dira azken horiek, baina langileak edo ikasle ohiak sartzeko aukera izan dezakete. Guztira 126 ikasle ari dira institutuan.


Euskara
Euskal Herrian Lanbide Heziketak gabezia bat badu hori euskaraz ikasteko aukera da. Sakanako ikastetxea ez da salbuespena. Urbitartek argitu digunez, “Nafarroan LHko euskarazko ikasketak oso puntualak dira. Euskarazko eskaintza eskaeraren araberakoa izan behar duela esaten digute. Euskarazko LHrik hutsez ez dago, gaztelaniaz parekorik ez badago. Ez dago gure esku erabakitzerik”. Institutuan argi dute Sakanako DBHko ikasleen %75 inguruk ikasketak euskaraz egiten dituela. Eskaera horri erantzuna eman beharra dagoela ikusten dute. Ez dakite nola. Bitartean ikastetxean aritzen diren irakasle asko euskaldunak direnez, hala eskatzen duten ikasleekin harremana euskaraz izaten dute.