Udal maparen erreformaz proposamenak jasotzeko bilera

Guaixe 2016ko mar. 17a, 08:06

Hautetsiak aurretik ere Irurtzungo kultur etxean bildu izan dira.

Sakanako udal eta kontzejuetako hautetsiak Irurtzungo kultur etxean gaur, 17:00etan, eginen den bilerara deituak daude.

Nafarroako Gobernuak toki administrazioaren mapa, udal mapa, berrantolatzeko asmoa azaldu du. Toki Administrazio Departamentuak bi urte barrurako, 2017rako, nahi du lege proposamena. Gobernuak eta parlamentuak gaia lantzen hasi dira. Baita Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere. Federazioko zuzendaritza Nafarroako hautetsi guztiekin bildu nahi du. Horretarako, eskualdekako zortzi bilera antolatu ditu.

Bilera erronda horretan dago Irurtzungoa. Federaziko zuzendariek bilera horietan udaletako eta kontzejuetako hautetsien proposamenak jaso eta iritziak entzun nahi dituzte. Aurretik hausnarketarako txostena jaso dute guztiek. Federazikoen iritziz, “toki administrazioaren erreformaren xedeak izan beharko luke toki-erakundeek beren eskumenak  lurralde-, demografia- eta administrazio-esparru egokienetan gauzatzea”. Berrantolaketan oinarrizko gaiak zerrendatu dituzte ere: eskumenak (udalenak, kontzejuenak, gobernuarenak, biztanleria mailaren araberako zerbitzuak…), maparen antolamendua (tipologia, ) eta finantziazioa (erkidegoko tributuak, udal zergak, zorpetzea, diru-laguntzak…). Bilera horietan jasotako iritziekin, federazioak aurreneko txosten bat osatuko du, garagarzarorako. Hura Nafarroako Gobernuari emanen diote, kontuan izan dezan. Foru administrazioak ematen dituen pausuen arabera federazioak urrats berriak eman ditzake.

Parte hartzea
Berrantolaketa asmoari erantzuteko federazioak 31 udal eta kontzejuz eratutako lantaldea osatu du. Zuzendaritza taldea jarduerak eta metodologia zehaztu ditu. Hausnarketarako taldeak eta azpitaldeak ere antolatu ditu. Kontzejuen azpitaldean Unanuk 50 eta 100 biztanle arteko toki erakundeak ordezkatzen ditu.


Sakanako toki erakundeak
Mankomunitateak (4)
Sakanako Mankomunitatea
Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea
Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea
Burunda mendebaldeko aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea

Udalak (15)
Arakil
Irurtzun
Irañeta
Uharte Arakil
Arruazu
Lakuntza
Arbizu
Ergoiena
Etxarri Aranatz
Bakaiku
Iturmendi
Urdiain
Altsasu
Olatzagutia
Ziordia

Kontzejuak (15)
Urritzola
Errotz
Izurdiaga
Etxeberri
Egiarreta
Etxarren
Ekai
Zuhatzu
Satrustegi
Hiriberri
Ihabar
Unanu
Dorrao
Lizarraga
Lizarragabengoa

Administrazio zerbitzuen batasuna (idazkari bera) (2)
Irañetako, Uharte Arakilgo eta Arruazuko udalak
Urdiaingo eta Ziordiko udalak

Elkarte tradizionalak (1)
Aralarko elkartea