Astelehen Zoriontsuak

Guaixe 2016ko mar. 28a, 10:11

Izen hori hartu du testuen eta ikus-entzunezkoen inguruan iritziak partekatu eta euskaraz hitz egiteko sortu berri den taldeak.

Hilaren 11rako eginda zegoen deialdira 10 bat pertsona aurkeztu ziren. “Zerbait egiteko gogoa ikusi nuen. Hasiera nahiko polita izan zen”. Inor animatuz gero “esku zabalik” hartuko dutela jakinarazi dute. Pello Astiz Auzmendirenak dira azalpenak, iritziak partekatzeko taldea sortzeko deitzaileetako batena. “Hasiera batean kritika taldea izena jarri genion baina hainbat gauza izan daiteke: kritika, hausnartze, iritzi taldea, ez bakarrik kritika”.

Irakurritako testuen (artikuluak, erreportajeak, liburuak) edo ikusitako ikus-entzunezkoen (telebista saioak, filmak, sareetako bideoak) gainean taldekideek dituzten iritziak partekatzeko gune bat da talde sortu berria. “Irakurritakoa eta ikusitakoa norberaren barruan gelditu beharrean, taldera ateratzea eta besteen iritziak entzutea da egin nahi duguna”. Taldea sortu berria da eta saioen antolakuntza nolakoa den zehazteko dute, “auzolan modukoa izanen da, taldeen ekarpenekin eginen du aurrera edo ez” gaineratu du Astizek.

Funtzionamenduaz
Astelehen Zoriontsuak izenak argi azaltzen duen moduan, astelehenetan elkartuko dira, hilean behin, arratsalde-iluntze batean, Arakilen edo Irurtzunen. Astizek azaldu digunez, “bakoitzak gustuko izan duen zerbait eramanen du eta horren inguruan hitz eginen genuke. Dokumental bat, film bat, dena delakoa izan daiteke eta horren inguruan gure iritzi eta hausnarketak kaleratuko ditugu”. Taldekideen arteko hizkuntza euskara izanen da, bai deialdietarako bai elkartzen direnean ere. “Gerta daiteke erdarazko artikulu bat interesgarri suertatzea eta haren inguruan euskaraz hizketatzea”.

Apirila 18
Astelehen horretan, 19:30ean, Astelehen Zoriontsuak taldea Hiriberriko Txitera elkartean elkartuko da estreinakoz. Josemiel Bidadorri buruzko pastorala ikusi eta haren inguruan iritziak trukatuko dituzte.