Dumasen epizentroan: El Martinenen bisitan

Guaixe 2016ko api. 7a, 17:00

Uhartearrak eta arbizuarrak izan ziren El Martinet eskola bisitatu zuten sakandarretako batzuk.

Bartzelonako Ripollet herriko El Martinet eskola publikoa 78 sakandarrek ezagutu zuten larunbatean. Ikastetxe horretan haurtzaroak berezko kultura duela aitortzetik abiatu dira. Hala, alaitasunari eta ongizateari lotuta dagoen ikaskuntza mota bat garatu dute, zeinetan haurrak erabateko protagonistak dira. Hala, haurren nahia errespetatzen da; ez dago ez libururik, ez klaserik, ez irakasleen txaparik, ez zigorrik ezta etxeko-lanik ere eta haurrek nahi duten tokian egoteko aukera dute.

Esperientzia horretan oinarrituta Sakanako Eskola Txikiek (Uharte Arakil, Arbizu, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia) Dumas proiektua gauzatu dute. Heldu den ikasturtean Arbizuko herri eskolan indarrean jarriko da eta pixkanaka beste eskoletara zabalduko da. Lierni Galarragak, Sakanako Eskola Txikien koordinatzaileak esan digunez, larunbateko bisita “esperientzia bikaina” izan da eta “ Arbizun martxan jartzen ari diren Dumas proiekturako pizgarria”.